Azpeitiaren eta Hazparneren arteko senidetzearen festa ospatuko da hilaren 23an

Bi herriak senidetu zireneko 30. urteurrena bete da eta Hazparnen egingo da jaia. Autobusak antolatu dituzte bertaratzeko

E.A.AZPEITIA.

2017an betetzen dira Azpeitia eta Hazparne senidetu zireneko 30 urte. Hori dela eta, urteurren borobila gogoratzeko asmoz, jai berezia antolatu dute Hazparnen hilaren 23rako. Urtean zehar, hainbat ekintza prestatu dituzte bi herrietako Udalek eta hainbat eragilek. Jarduerekin jarraitu asmoz egun osoko festa prestatu dute orain Lapurdiko herri ezagunean. Azpeitiko Udalak herritarrei dei egin die Hazparnera bertaratu daitezen.

Irailaren 23an Azpeitiko udal ordezkariak Hazparnen izango dira, eta hango agintariek harrera instituzionala egingo diete hemengo korporazioari. Senidetzaren harira, berezitasun bezala, Azpeitiko Udalak Done Jakue kaleko Gernikako Arbolaren kimu bat eramango du Hazparnera, bertan landatzeko. «Zerbait berezia eskaini nahi diogu Hazparneri egun horretan, eta uste dugu polita dela guretzat berezia den zuhaitz baten kimua bertan landatzea», adierazi du Aitor Bereziartua zinegotziak.

08
30: Autobusen irteera, anbulatorio aurretik.
10
00: Azpeitiarrei harrera, Mendealaren aurrean.
10
30: Haritz landatzea.
11
00: Kalejira udaletxeraino.
11
45: Udalbatza, udaletxean.
12
45: Zintzur bustitzea eliza plaza aurrean.
13
45: Bazkaria.
16
30: Kantuak, dantzak eta musika.
19
00: Azpeitira buelta, Harana plazatik.

Izen-ematea zabalik

Udalak Hazparnera joateko doako autobusak antolatu ditu. Hilaren 23ko festara joan nahi duten herritarrek irailaren 15a bitartean eman beharko dute izena Kultur bulegoan (943 157 068).

Behin Hazparnen bazkaria antolatu da eta norberak bere poltsikotik ordaindu beharko du. Helduek 25 euro ordaindu beharko dituzte bazkarirako txartelak. Animatzen diren haur eta gaztetxoek, aldiz, hamar euro.

Fotos

Vídeos