Azpeitia-Bilbo egitasmoko seigarren etapa egingo dute zapatu honetan

Iganderako, berriz, gaztetxoentzako Santa Ageda-Damazulo ibilaldia antolatu du Lagun Onak Mendi Bazkunak

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Azpeitia-Bilbo 2018, Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako egitasmoko seigarren etapa izango da zapatu honetan, hilak 16. Bakio eta Plentzia lotuko ditu ibilaldiak. 19 kilometro izango ditu eta egitasmo horren barruan uda aurretik egingo den azkena da. Bilbora iristeko egingo diren beste bi irteerak irailean eta urrian izango dira.

Goizeko 08:00etan abiatuko dira mendizaleak anbulategi aurrean autobusa hartuta, eta Bakioraino joateko. Ondoren, Bakiotik gora hasiko da ibilaldia, Jatamendi azpikaldera, aurrerago Lemoiz gainaldetik pasatu eta Armintzara jaisteko. Ermu menditik pasatuta, Gorlizko itsasargira iritsiko dira, ibilaldia Gorlizko hondartzan amaitzeko. 16:30-17:00 aldean Plentzian izatea aurreikusten da.

Bidean, hamabost minutuko geldialdia egingo dute hamaiketakoa egiteko, eta ordu erdiko beste bat bazkaltzeko. Bakoitzak bere jatekoa eraman beharko du.

Izena www.lagunonakmb.org webgunean edo Xiriako gozotegian eman daiteke. Bihar, hilak 14, izango da horretarako azken eguna. Bazkideek sei euro ordaindu beharko dute, eta zortzi euro bazkide ez direnek.

Santa Ageda-Damazulo

Bestalde, igandean, Santa Ageda-Damazulo gaztetxoentzat ibilaldia egingo dute. Hilaren 10ean zen egiteko baina «giza kateari babesa emateko», atzeratu egin zuten. Irteera 09:00etan hasiko da anbulatorio aurrean, eta 14:30ak aldera itzuliko dira. Bazkideek 2 euro eta bazkide ez direnek 3 euro ordaindu beharko dute. Elkartearen webgunean eman behar da izena, www.lagunonakmb.org helbidean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos