Antzerkia izango da protagonista asteburu honetatik aurrera

'Miss karaoke'. Idoia Beratarbideren kartela./
'Miss karaoke'. Idoia Beratarbideren kartela.

Gaurtik igandera bitartean hiru antzezlan ikusteko aukera izango da Soreasun Euskal Antzerki Topaketen XXXV. edizioa abiatuko da gaur

ELI AIZPURUAZPEITIA.

XXXV. Euskal Antzerki Topaketak ospatuko dira Azpeitian azaroan zehar. Antzerkiaren hilabetea izango da, beraz, herrian. Izan ere, hainbat eta hainbat antzezlan ikusteko parada izango da, amateurrak eta profesionalak.

Horrez gainera, taula gaineko ikuskizunekin lotuta, hainbat ekitaldi ere antolatu dira. Hileko 17a arte txotxongiloen erakusketa izango da zabalik edota Eskola edo Gaztetxoei zuzendutako antzerkiaz ere gozatu ahal izango da, 13tik 16ra bitartean, tartean herritarrek ere parte hartuko dutelarik.

Asteburu honetara etorrita, hiru saio izango dira gaurtik hasi eta igandera bitartean. Gaur, 21:30ean, Metrokoadroka kolektiboaren eta Pez Limboren eskutik 'Miss karaoke' lanaz gozatzeko parada izango da, Soreasu antzokian.

Helduei eskainitako lana da Miss Karaoke. Honek, abesti bat kanta-tzeko enkargua jaso du eta 'Ebento Handian' zer kantatuko ote duen dilemarekin dabil. Umore absurdoa eta performance arima uztartzen dira eszena-lan honen taularatzean.

Antzezlanaren oinarrian dagoen testua Oier Guillanek idatzi zuen DSS2016-ek bultzatutako 'Dramaturgia berriak' deialdiaren baitan, eta Gasteizko Principal antzokiak ekoiztu du, Arriaga eta Victoria Eugenia antzokiekin elkarlanean. Guillanen testua Javier Fernandez, Unai Lopez de Armentia, Marina Suarez Ortiz de Zarate eta Iñaki Ziarrusta aktoreek plazaratuko dute.

Bihar, zapatuan, beste antzezlan batekin dator Euskal Antzerki Topaketen proposamena. Tartean teatroak 'Ez dok hiru' lana taularatuko du. 21:30ean izango da. Patxo Telleriak egindako lana taularatuko dute Telleria berak eta Mikel Martinez aktoreak, Jokin Oregiren gidaritzapean. Publiko helduari zuzendutako lana da. 'Ez dok hiru' eszenatokietara itzuliko da, Euskal Herriko imajinario musikalaren errepaso «ironiko, absurdo eta dibertigarria» eskaintzeko.

Azkenik, lehen asteburu antzerkizalea osatzeko, haurrei eta helduei eskainitako saioa bat izango da igandean. Oraingoan, 17:00etan da hi-tzordua. Txalok 'Mendi Tontorrean' lana eskainiko du.

Aitor Fernandino, Alfonso Diez eta Iraitz Lizarraga aktoreek mendi irteera egingo dute. Mendi-gidari bat, espedizio-burua eta bezeroa dira pertsonaiak Abentura ugari izango dituzte bidean. Hala ere, gailurra harrapatuko dute, baina mendiko izpirituak, inguruak zaborrez eta banderolaz zikinduta daudelako haserre, mendekua hartu eta laino beltza bidaliko die mendizaleei, noraezean utzi arte.

Sarrerak Internet bidez erosi ahal izango dira azpeitia.eus webgunean. Soreasu antzokiko leihatila obra baino ordubete lehenago zabalduko dute. Helduek bost euro eta 14 urte bitartekoek hiru euro ordaindu beharko dute sarrera. Sarrerarekin batera txartel batzuk banatuko dira ikusleen artean, hauek obraren inguruko puntuazioa eman dezaten. Amaiaren ikusleen saria emango da.

Fotos

Vídeos