Diario Vasco

Euskarazko antzerkigintzan sinetsi du beste behin Azpeitiak

Udaleko ordezkariak eta antzerki topaketako parte-hartzaile eta aktoreak, atzo Plazan.
Udaleko ordezkariak eta antzerki topaketako parte-hartzaile eta aktoreak, atzo Plazan. / E. A.
  • XXXIV. Euskal Antzerki Topaketak izango dira azaroaren 1etik 26ra bitartean

Euskaraz egiten diren Antzerki Topaketa bakarrak hastear dira. 34. edizioa izango da hau. Azpeitia antzerkiaren munduan plaza garrantzitsua dela nabarmendu zuten atzo egindako aurkezpen ekitaldian. Bertan izan ziren Eneko Etxeberria alkatea, Iosu Labaka eta Ainara Larrañaga zinegotziak, EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale elkarteko Itziar Elias, Zestoako Interpretazio Zentroko Amançay Gaztañaga eta Mikel Ibarguren, baita Mikel Sarriegi zuzendaria ere; herritar aktore Ane Arenas, Gaztetxeko zikloaz arduratu dena; Alaitz Olaizola gaztetxoen Azpeitiko Antzerki Eskolako irakaslea eta kulturaz kultur kooperatibako ordezkari den Aitor Bengoetxea.

Antzerki amateurrari, profesionalari eta adin guztietako ikusleei zuzendutako topaketak izango dira aurtengoak. Soreasu izango da eszenatoki nagusia baina horrez gainera, plazan, Gaztetxean, udaletxeko ganbaran edota Betharram aretoan ere izango da zertaz gozatua.

Azaroaren 1ean hasi eta 26ra bitartean, lau aste iraungo du guztira, hainbat eta hainbat lan ikusteko parada izango dute Azpeitiko eta inguruko antzerkizaleek.

Hasiera, datorren asteartean, Plazan emango zaio 2016ko edizioari. Haur eta helduentzat saioa eskainiko du Tetes de Mules taldeak. 'L'Entresort' obra eskainiko dute . Bi aldiz eskainiko dute antzezlana, 17:00etan eta 19:00etan.

Amaiera , berriz, «modu berezi» batean emango zaie Topaketei. Izan ere, hilaren 26an, Soreasun (21:30ean dira bertako saioa denak, haurrei ere zuzenduta daudenean ez ezik, hauek 17:00etan hasiko baitira), Iñaki Bergara 'Pio' eta Kontxu Odriozola herritar aktoreei agur berezi bat eskaini zaie, kontzertu an-tzeztu batekin, 'Ahantzitako oroi-tzapenak' izenburupean. Elkano abesbatzarekin batera, herritar ugarik hartuko du parte bertan, Felipe Murilloren gidaritzapean. Honekin, «keinu eta txalo zaparrada bat» eskaini nahi zaie aurten utzi gaituzten bi aktore haundi hauei eta Azpeitiko Antzerki Topaketetekin hain lotura estua zutenei.

Hamaika saio izango dira guztira, antzerki amateurra eta profesionala tartekatuta. Esan bezala, herriko eta inguruko aktore ugari izango dira lanean. Horietako batzuk dira Zestoako Interpretazio Taldeko kideak. Azaroaren 18an, 'Sweeney' taularatuko dute. Eromen produkzioaren azken lana aurkeztuko dute. «Komedia beltza da, barre eta negar, biak batera, egiteko modukoa», deskribatu du taldekidea den Mikel Ibargurenek.

Programazio zabala izango dute Topapeketek. Horren berri jakiteko, eskuorriak banatuko ditu Udalak.

IV. Antzerki Eskolen Eguna

EHAZEk antolatuta eta Kabia taldearen eskutik, aurten, laugarrenez, Antzerki Eskolen Eguna ere ospatuko da Topaketen barruan. Azaroaren 6an, igandean, izango da. Ohi bezala, gazte, txiki nahiz helduei dei egiten diete parte hartzeko Plazan burutuko den tailerrera. Izena emateko info@ehaze.eus helbidera zuzendu behar da eta parte-hartzea doan da. Amaitutakoan mokadutxoa izango da guztientzat Sanagustin kulturgunean.

Eskola Antzerkia

Eskola edo gaztetxoei zuzendutako antzerkiari ere tartea egingo zaio Soreasun. Azaroaren 7,8 eta 9an izango da. Hiru egun hauetan, goizeko 11:00etan hasita, ikastetxe desberdinetako ikasleak beren lanak erakutsiko dituzte.

Bestalde, Betharramen Corrado Masacciren 'Zirkoa eta txontxongiloa' erakusketa gidatua ikusi ahal izango dute ikasleek, eskola orduetan. Aldiz, herritar guztientzat zabalik izango da erakusketa 18:00etatik 20:00etara eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara.

Antzerki Alternatiboa

Gaztetxean, ohi bezala, izango da antzerki alternatiboaren zikloa. Hilaren 24an eta 25ean da. Anodino teatroaren 'Zerura eroria' eta Metrokoadrokaren 'Mr. Señora' ikusteko aukera izango da. 21:30ean izango dira saioak baina aurretik, 20:00etatik 21:15era bitartean, jantoki begetarianoa ipiniko dute Gaztetxean bertan.

Sarrerak

Internet bidez erosi ahal izango dira sarrerak, azpeitia.eus webgunean. Bestalde, Soreasuko lehiatilan ere salgai izango dira, obra hasi baino ordubete lehenago. Helduek bost euro eta 14 urte bitartekoek 3 euro ordaindu beharko dute.

Ikuskizuna amaitu ostean Dinamoaren lokalean, Soreasun bertan, elkartuko dira lanaren inguruan hi-tzegin eta «zerbait hartuz, elkarrekin egoteko».

Diru-laguntzarik ez

Aurten, lehen aldiz, Eusko Jaurlaritzak ez dio diru-laguntzarik emango Azpeitiko Antzerki Topaketei. Hori salatzeko aprobetxatu zuten ekitaldia bai Eneko Etxeberria alkateak eta baita Zestoako Interpretazio Zentroko kideek ere. «Ez da justua, hala ere, Udalak esfortzu berezia egingo du aurrera ateratzeko», esan zuen alkateak.

Laguntzak huts egin du, hala ere, amaitu zuen Etxeberriak, «bereziki eskatu nahi diet ikusleei Antzokia eta eszenatokiak betetzeko, hauek dira hutsik egin ezin duten pieza bakarrak», gaineratu zuen.

Kartela

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak aditzera emateko kartel lehiaketa egin ohi da urtero. Aurtengoan Marta Pineda aiarraren lana izango da antzerkiz betetako egun hauek iragarriko dituena. Irabazleak ezin izan zuen atzo aurkezpen ekitaldian egon baina berarentzat izango dira Udalak urtero irabazleari ematen dizkion 900 euroak.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate