Diario Vasco

Bizikletentzako egokituko dira San Martin estrata eta Artzubia etorbidea

  • Lau hilabeteren buruan lanak amaitzea espero da eta kiroldegia eta Alde Zaharraren arteko bidegorria bukatuko da behin betiko

Azpeitiko Udalak aurki hasiko ditu obrak Artzubia eta San Martin estratan. Honela, kiroldegia eta Alde Zaharraren arteko bidegorria bukatuko da behin betiko. «Azpeitia 2015 Plan Estrategikoan aurrez osatutako Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren baitan egin gabeko ekintzak jaso eta gauzatzeari ekin zitzaion, eta bide horretan egingo da bidegorri sarea osatzeko lotura hori», azaldu du Aitor Bereziartua zinegotziak.

Bidegorria Artzubiko biribilguneraino egitea zen hasierako asmoa baina San Martin estratatik egitea erabaki dute arduradunek «biribilgunean sor litezken arazoak ekiditeko» modua delako. Bidegorri zati berria Foru Ibilbideko trafikoarekin partekatutako bidegorriarekin lotuko da azoka plazaren atzean, handik Enparan Dorrretxetik herriartekoarekin bat egiteko.

Bi fase

Obrak bi fasetan egingo dira. Lehen fasea San Martin estratakoa izango da; han espaloia kendu galtzada-harria jarri eta bide osoa berdinduko da. Aparkalekuentzako lekua berrituko bada ere, bere horretan mantenduko da. Gune horretako obrek hilabete eta erdi inguru iraungo dute, eta bitarte horretan garajeetako ibilgailuek eta zama lanetakoek Foru Ibilbidetik (azoka plaza atzetik) sartu ahal izango dute estratara.

Artzubia ibilbidean, San Martin egoitzaren parean, errepidetik espaloiko zuhaitzetara arteko zatia bidegorri izateko pintatu egingo da. Zuhaitzetatik eraikinera bitarteko zatiak bere horretan oinezkoentzako pasealeku izaten jarraituko du. Artzubiko 11 eta 13 etxe atarien parean, espaloi estua dago, eta «errepideak ez du ematen espaloia zabaltzeko modurik», beraz, oinezkoek lehentasuna izaten jarraituko dute zati horretan. 13 etxe ataritik zezen-plaza bitartean, berriz, bi metroko zabalera duen bidegorria egingo da, eta beste bi metro baino gehiago geldituko dira oinezkoentzako.

Lanak lau hilabeteko epean bukatzea aurreikusten da. Bidegorria egitearekin bat, argiteria, saneamendu, telekomunikazio, ur eta elektrikitatze azpiegiturak berritu eta egokitzeko lanak ere egingo dira. Guztira 176. 418 euroko aurrekontua du.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate