Diario Vasco
Bost. Emakumeen Txokoko eta Udaleko kideak 5. urteurrenean.
Bost. Emakumeen Txokoko eta Udaleko kideak 5. urteurrenean. / E.A.

Bost urteren ostean, barrura eta kanpora begira jarri da Emakumeen Txokoa

  • Orain arteko ibilbidearen eta etorkizuneko erronken inguruko irakurketa egin dute

Bost urte bete ditu Azpeitiko Emakumeen Txokoak eta irudi berrituarekin datoz, «begirada batetik ,kolektibora» salto egin dute.

Duela bost urte, Azpeitiko Udala «herriko mugimendu feministaren urteetako eskaerari» erantzunez, «berdintasunaren aldeko politika publikoak indartu, emakumeen jabekuntza sustatu eta erreferentziazko espazioa garatzeko» helburuarekin murgildu zela proiektuan nabarmendu du data esanguratsua gogoratzeko Udaleko Parekidetasun zinegotzi Leire Etxanizek, Emakumeen Txokoko hainbat kiderekin batera egindako agerraldian.

Emakumeen Txokoa, «emakume eta gizonen arteko parekidetasuna sustatzeko tresna» bat dela gaineratu du Etxanizek. «Helburu horrekin sortu genuen, eta pausoz-pauso, mailaka-mailaka», bide horretan «urratsak ematen» jarraitzen dutela esan du.

Bost urteren buruan, begirada «barrura» eta «kanpora» jarri dute. Eta barrura begira, «hemen gaude» diote. «Guztiz irekita dagoen espazioa da gurea. Azpeitiko emakume eta gizonei irekia». Horren harira, «kalitatezko eskaintza», sortzea dute helburu. «Gurea bezalako herri txiki batean, bestelakoan, eskaintzeko ezinezkoa izango litzatekeen baliabide, formazio eta aukerak» sortuz.

Kanpora begira, aldiz, herritar eta eragileei «eskuak luzatuta» daude, «elkarrekin ikasten joateko, feminismotik, arlo, jarduera eta proiektu anitzak» konpartitzeko eta berdinen arteko «bidea eginez».

Aurrerako bide horretan, «konplizitate berriak sortzea» dute xede Emakumeen Txokoan. Emakumeen arteko saretze eta aliantzen bideari jarraitu eta «konplizitate berriak sortu nahi» dituztela azaldu du Izaskun Egiguren Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak. Bide horretan, «ertz eta erdigune» desberdinei heldu behar dietela adierazi du. Halanola, «kolore anitzez» herria jantzi behar dutela esan zuen eta «familiako istorioak» osatzetik, «herriko istorioak eta historia» osatzera pasa behar dela. Hala, »emakumeon oroimena plazara» ekartzera animatzen ditu herritarrak.

Herriko kaleetan «lasai» ibiltzea ere aldarrikatu zuen Egigurenek. «Tratu onak erein eta harreman osasuntsuak eraiki» nahi dituztela esanez, «edozein motatako bazterkeria gure bizitzetatik baztertuz».

Bestalde, emakumeak herriko partaide eta eragile diren heinean,partaidetzari «guretik, bertatik, bultzada» ematea proposatu zuen»ahalduntze prozesuen» bitartez.

Bizitzaren sostengurako «eraldaketa tresnak» ere beharrezkotzat jo dituzte Emakumeen Txokoko kideek. Horretarako «elkarrekiko zaintzetan, enplegu banaketan» sakontzeko beharra ere aldarrikatu zuten.

Azkenik, emakumeen sormenari eta haiek antolatutako ekimenei espazioa eskainiko diela esan zuen Egigurenek. Espazio hori «esparru anitzen ispilu» izango dela gaineratuz.

Berdintasunaren bidean «urratsak» ematen jarraituko du Emakumeen Txokoak. Datozen aste eta hilabeteetarako hainbat egitasmo antolatuko dituzte. Hurrengo asteazkenean (urriak 19), esaterako, 'Zergatik berreskuratu emakumeen memoria historikoa? Gure memoriaren hutsuneak betetzen' tailerra egingo dute, 19:00etatik aurrera. Hizlari lanetan arituko da Irantzu Mendia, EHUko Soziologia eta Gizarte langintza irakasle eta Hegoa institutuko kidea.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate