Diario Vasco

Erniarraitz Bertsozale Eskola sortu da bailara osora bideratuta

Erniarraitz Bertsozale elkarteko kideak eta udal ordezkariak.
Erniarraitz Bertsozale elkarteko kideak eta udal ordezkariak. / E.A.
  • Azpeitiko Udalak babes osoa eman dio proiektuari eta edozein herritarrek eman dezake oraindik izena

«Azpeitia eta bertsoa aspalditik daude lotuta. Euskaraz bizi eta hizkuntzarekin jolas egiteko kontua ere aspalditxokoa da. Hortik, bertsolaritzarako maitasuna. Landetako unibertsitatea eredu. Belaunaldiz belaunaldi loturak egiten asmatu du bertsolaritza munduak. Hori da udal honen kezka nagusia, transmisioa», honela goraipatu du Josu Labaka kultura zinegotziak bailarako Erniarraitz bertsolari elkartearen lana. Izan ere, Erniarraitzek «ongi baino hobeto» lortu du belaunaldiz belaunaldiko transmisio lan hori.

Urrats berri bat eman nahi du orain elkarteak, «norabide onean, belaunaldi berriekin eta transmisioan lan egiteko», eta bailarara begira bertso eskola ipiniko da abian. Gauzak horrela, bailara mailako bertsozale eskola sortzeko laguntza ekonomikoa emango dio Azpeitiko Udalak Erniarraitz Bertsozale Eskolari. «Etorkizuneko bertsolarien formazioa lantzeko proiektua da eta udal bezala honi baliabideak ematea dagokigu, etorkizunean inbertitzeko eta euskara eta euskal kulturan transmisioa ezinbesteko zutabea direlako. Azpeitia berriro ere bertsolaritzan referente izateko bide polita da», azaldu du Ainara Larrañaga zinegotziak.

Ikastetxeetatik herrira eta bailarara egingo du salto beraz bertsolaritzak Urola Erdian, estrainekoz. «Oinarri bat jartzera goaz. Eskoletan bertsoak lantzeak ekarri du bertso eskolak kopuru gehiago izatea eta behar horri erantzuteko proiektu berri bat behar zela konturatu ginen», esan du Eneritz Artetxe Erniarraitzeko kideak.

Jokin Uranga izango da Bertso Eskolako arduraduna eta honela laburbildu du abian ipini duten proiektua. «Orain arte ikastetxeetan biltzen ziren bertso eskolak. Ikastetxe bakoitzak bere bertso eskola zuen. Horrekin puskatu eta herrira begirako zerbait eratzea da asmoa. Ikastetxe desberdinetako bertsozaleek elkarrekin bildu eta goza dezaten, bertsotan».

Erniarraitzeko lokalean, Perez Arregi plazan izango du egoitza Bertso Eskolak. Egun 50 ikasle inguruk eman dute izena Erniarrai-tzen Azpeitiko eta Azkoitiko bertso eskoletan, eta Errezilen ere eskola sortzeko asmoa dute. Astean ordubeteko saiaok izango dira eta zor- tzi urte ingurutik hasi eta edozein adinera bitartekoek, «adin tarte jakinik gabe» har dezakete parte.

Oraindik izena eman ez duenak eta hala nahi duenak Eneritz Artetxerekin (Azkoitia ingurukoak), Jokin Urangarekin (Azpeitikoak) edota Erniarraitzeko edozein kiderekin hitz egin besterik ez du.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate