Diario Vasco

Turista eta bisitarien mapetan «lekua hartzen» ari da Azpeitia

Turismo bulegoko teknikaria Alaitz Aguado, Pako Epelde eta Ibarzabal eta Lizarralde zinegotziak, garbitokian.
Turismo bulegoko teknikaria Alaitz Aguado, Pako Epelde eta Ibarzabal eta Lizarralde zinegotziak, garbitokian.

Herrira begira turismoa bultzatzeko estrategia berria ipini du abian aurten Azpeitiko Udalak, 'Azpeitia experience' markapean eta udal arduradunak «oso gustura» azaldu dira orain artean izandako emaitzekin. «Buruan bueltaka genituen asmoak gauzatu ditugu uda honetan. Hitzetatik ekintzetara pasatu gara, eta herritar ete bisitarien erantzuna oso ona izan da eta gustura gaude», azaldu du Agustin Lizarralde turismo arduradunak.

Bestalde, uda hasieran turismo bulegoa ere ipini zen abian plaza Txikian. Honela, Loiolako santutegiko turismo bulegoarekin eta Burdinbidearen Museoarekin koordinatuta «bisitariak herrira erakarri eta herriko ondarea eta eskaintza ezagutzeko saltoa egitera animatzea» izan da helburua. «Eskertzekoa da koordinazio horretan lan egiteko beste eragileek azaldu duten prestutasuna. Eta, bereziki, eskertu nahi dugu Pako Epeldek parrokia eta ingurua bisitariei erakusteko egin duen boluntario lana», gaineratu du Lizarraldek.

Abuztuaren hasieran ireki zen bulegoa eta hilabete horretan 421 lagun pasatu dira bulegotik. Perfilari dagokionez, «gehienbat bikote helduak eta familia gazteak izan dira. Batezbesteko adina 50 urtekoa izan da. Zer ikus daitekeen herrian edota non jan daitekeen galdetu dute gehienbat».

Hiru bisita gidatu ere egin dira Alde Zaharra zein Inaziotar guneek ezkutatzen dituzten historia eta istorioak ezagutzeko. Bisita gidatuetan 45 lagunek hartu dute parte. Bisita horietaz aparte, antolatutako bisitak ere izan dira beraien gidekin eta beste 50 bat lagunek ezagutu dute herria. Eta nahiz eta turismo bulegora informazio bila ez joan, bisitari gehiago ere izan dira herrian, hala, parrokia bisitatzera beste 400 bat lagun joan dira.

Beraz, balorazioa «oso positiboa» da. «Azpeitia bisitarien mapetan kokatzen ari da pixkanaka, eta hori horrela izan dadin lanean jarraituko du udalak», dio arduradunak.

Irailean eta urrian ere turismo bulegoak irekita jarraituko du, orain arteko ordutegi berarekin eta bisita gidatuak egiteko aukera ere izango da.