Zubiaurre Igeri Elkarteak kementsu hasi du urte berria

Azken urteotako ohiturari eutsiz, Gabon ondoren elurretara irteera egin dute./ZUBIAURRE I.E. ARGAZKIAK
Azken urteotako ohiturari eutsiz, Gabon ondoren elurretara irteera egin dute. / ZUBIAURRE I.E. ARGAZKIAK

Elurretara irteera egin dute eta proba ezberdinetan arituko dira larunbatean

JOAQUIN SUDUPEAZKOITIA.

Iaz, 25. urtebetetzea ospatu ostean, Zubiaurre igeri elkartekoek urte berria kementsu hasi dute. Azken urteotako ohiturari eutsiz, aurten ere, Gabon ondoren elurretara irteera egin dute taldeko igerilari zaharrenek (12 urtetik gorakoek). Joan den ostiral arratsaldean abiatu ziren Jacara, eta igande iluntzean itzuli herrira. Astungo elur-pistetan bi egun igaro dituzte elkarrekin. «Beste kirol bat praktikatuz, talde-giroa sustatzeko balio izan die, beste behin, irteera honek igerilariei» adierazi dute elkartekoek.

Larunbateko probak

Bestalde, larunbat honetan eta alebin mailakoentzat, neguko liga probintzialeko 4. jardunaldia jokatuko da Azkoitiko igerilekuan. Zubiaurre polikiroldegian 16:00etan hasiko dira probak bainan beroketa egiteko, igerilariek 15:00etan egon beharko dute igerilekuan.

Larunbatean ere, Igeri Elkarteko gaztetxoek denboraldiko bigarren jardunaldia izango dute. Benjamin testa eta Kzl-koek urteko bigarren hitzordua dute Legazpin. Igeri frogak, Bikuña polikiroldegian hasiko dira arratsaldeko 16:30ean eta beti bezala beroketa egiteko, igerilariek 15:30ean egon beharko dute igerilekuan.

Adierazi, Gabon Koparen XXIX. edizioa jokatu zen joan den larunbaten Eibarko Ipurua polikiroldegian, eta Zubizurre Igeri Elkarteko igerilari askok hartu zutela parte bertan, maila guztietakoak. Jendetza handia bildu zen bertan, eta giro paregabean eman zioten amaiera urteari igerilariek.

Ohitura den bezala, lehenik, banakako frogak izan ziren, eta ondoren, erreleboak, eta probak amaitu ondoren, sari banaketa. Banakako froga bakoitzeko lehen hiruei dominak banatu zitzaizkien eta proba desberdinetako taldekako lehen hiruri, aldiz, kopak. Azkoitiko taldekoak, maila guztietan, oso ondo aritu ziren; horren lekuko, lortutako dominak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos