Soduperen aurka galdu ostean, bi partida jokatuko ditu Anaitasunak aste honetan

Lehen zatia motela izan zen eta ez zen izugarrizko jokorik ikusi zelai erdiko jokoa nagusitu zelarik. /  SUDUPE
Lehen zatia motela izan zen eta ez zen izugarrizko jokorik ikusi zelai erdiko jokoa nagusitu zelarik. / SUDUPE

Bihar Amurrion, 16:00etan, eta igandean 16:30ean Txerloian Zamudioren aurka

J.S. AZKOITIA.

Txerloiatik lehen hiru puntuak eraman zituen aurkaria ezin izan zuten garaitu gorrixek. Lehen zatia motela izan zen; jokoa behin baino gehiagotan eten zen alde bateko zein besteko jokalariak lurrean izanda eta ez zen izugarrizko jokorik ikusi zelai erdiko jokoa nagusitu zelarik. Ondorioz, aukera gutxi izan ziren baina kanpokoen lehen aukeran, 22. minutuan, gola egitea lortu zuten sodupetarrek. Ezker hegaletik erdiratu zuten baloia Arrutiren areara, eta bigarren zutoinean, bakar-bakarrik zetorren bezala errematatuta, huts eta batekoa egitea lortu zuten.

Anaitasunak, ondoren, neurketaren kontrola hartuz, jokaldiak pazientziaz landuta, arrisku gehiago sortu zuen. 30. minutuan, esaterako, Iñigo Arzalluzen jaurtiketan berdinketa gertu izan zen. Eskuin hegaletik barrura eginda, jaurtiketa egin zuen ezkerrez, eta zutoinaren ondotik sareetara zihoala ematen zuenean, Sodupeko atezainak eskua atera, eta kornerrera desbideratu zuen baloia. Gorrixen aukerarik onena izan zen. Bigarren zatia, berriz, indartsu hasi zuten gorrixek. Aukera anitz sortuta, estu hartu zituzten Sodupetarrak. Mikel Arzalluzek 48. minutuan, atera egindako jaurtiketa batetik aukera oldea etorri zen mutilentzat. M. Arzalluzen jaurtiketan baloiak atzelari baten soinean jo eta baloiak kornerrean amaitu zuen. Korner horretan bertan, gainera, bizkaitarrek ia euren atean egin zuten gola. 51. minutuan, berriz ere gertu ikusi zuen gola taldeak. Azkar jarri zuten mutilek falta baten bitartez gelditutako jokoa, eta kanpokoak aldaratzen hasi zirenean, euren atera egin dute jaurtiketa, nahi gabean.

Hurrengo jokaldian ere aukera izan zuten gorrixek. Ezker hegaletik erdiratu zuten baloia, eta atezaina gaindituta zela iritsi zen Iñigo Arzalluzen baloira, baina egindako errematea kanpora joan zen zuzenean. Ondoren neurketaren erritmoak behera egin zuen. Ez Anaitasunak ez Sodupek ere ez zuten aukera garbirik egin; oso noizean behin iritsiz.

Ordutik aurrera ezer gutxi. Mahai gainean jarri zitezkeen aukera guztiak agortu zituzten gorrixek, baina ezinezkoa izan zen aurkariak haustea. Orain, burua altxatu eta aste garrantzitsuari begira jartzea tokatzen da.

Bihar Amurrion arratsaldeko 16:00etan, eta igandean 16:30ean Txerloian Zamudioren aurka jokatuko dute Hirugarren Mailako jokalariek. Lasaitasuna emango duten puntuak dituzte helburu gorrixek.

Fotos

Vídeos