Manifestazioa deitu du Sostenipe talde feministak datorren 18rako

AZKOITIA.

Abuztuaren 18rako manifestazioa deitu du Sostenipe talde feministatik eta arrazoiak laburki azaltzekotan hauek direla esan dute «festa guztietan egoten diren modu guztietako eraso sexistak eta udalaren egitarautik bertatik hasita, emakumeon presentzia eta parte-har-tzea oraindik ez dira orekatuak festetan».

Udalak festetarako egiten duen eskaintzan «parte-hartzaile kopuru handiena gizonezko euskaldunak dira: hartu pilota partida bateko argazkia eta esan ea gehiengoak emakumeak al diren! Noski emakumeoi ere gustatzen zaigula pilota; guk ez dugu genero-rolak indartzea nahi inondik inora ere, bakoitzak ikusi dezala zer egin nahi duen. Aukerak neskenak edo mutilenak izan beharrean pertsonalak izan behar lukete, baina zoritxarrez jaso-tzen dugun hezkuntzak neskok espazio eta zaletasun batzuetara bultzatzen gaitu eta mutilak bestetara (salbuespenak badaude eta eskerrak!). Horregatik, uste dugu udalarentzat emakumeen parte-hartzea indartzea lehentasun izan beharko lukeela.

Esaterako, keinu egokia izango zen emakumeen pilota-partidak, herri-kirolak, kontzertuak... txertatzea egitarauan» dio taldeak hau gehituz «agian norbaitek musika soilik musika dela pentsatuko du, umorea soilik umorea den bezala. Lehengo urtean herriko plazan Xaibor DJ-a musika sexista jartzen egon zen udalak guztion diruarekin ordainduta. Hau da,emakumeak gutxiesten eta objektu sexual huts bezala tratatzeaz hitz egiten duten abestiak jarri zituen. Baina musika soilik musika da ezta?».

Erasoak festetan areagotu egiten direla eta, besteak beste zera adierazi dute «neskoi etxetik irteterako kontuz ibiltzeko esaten zaigu, aldiz mutilei ezer ez. Zergatik ez hezi mutilak emakumeak behar bezala tratatzeko? Nork ez du sentitu noizbait beldurra etxerako bidean bakarrik joatean? Beldur hori oso 'emakumeen beldurra' da».

Eraso sexisten protokolo bat sortu dute tabernetako eta beste bat txosna gunerako, «gustatuko litzaiguke horretaz gain erasoak gertatutakoan erantzun egoki bat emateko telefono zenbaki bat eta zerbitzu bat egotea baina udalak ez du eskaera onartu eta horren ordez ordu gutxi ba-tzuetan erasoen inguruko karpa informatibo bat egongo da, ez duena erasoen aurrean erantzun bat emango. Aipatutako guztiagatik, kaleak betetzearen beharra ikusten dugu. Festak gureak ere badirela erakusteko eta sinesteko! Abuztuaren 18an, 16:30ean herriko plazan ikusiko gara!

Fotos

Vídeos