Jaitsiera postuetatik irteteko borrokan sartu da bete betean Anaitasuna

Gasteiztarrak arriskutsu zelairatu ziren baina gorrixek zelaian lekua ondo hartu zuten. /  SUDUPE ARGAZKIAK
Gasteiztarrak arriskutsu zelairatu ziren baina gorrixek zelaian lekua ondo hartu zuten. / SUDUPE ARGAZKIAK

Datorren asteburuan beste neurketa garrantzitsu bat jokatuko dute Basconiaren aurka

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

Garaipen handia lortu zuen Anaitasunak larunbat arratsaldean 1-0 gailendu Aurrera Vitoriari. Sufrituta lortu zuen garaipena eta orain borrokan bete betean sartu dira gorrixek. Basconia, Getxo eta Anaitasuna 21 punturekin dira sailkapenean eta guztia berdinduta dago. Datorren asteburuan beste neurketa garrantzitsu bat jokatuko dute, Basconiaren aurka hain zuzen, Artunduaga zelaian. Partida igandean 11:30ean izango da.

Arriskutsu zelairatu ziren

Gasteiztarrak arriskutsu zelairatu ziren, eta area ertzera iristeko moduan izan ziren. Azken paseetan kamuts aritu ziren kanpotarrak, eta ondorioz, Arrutik ez zuen lan gehiegi egin behar izan. Gorrixek zelaian lekua ondo hartu zuten, eta pixkanaka lehen aukerak iristen hasi ziren. Joko motela eta astuna ikusi zen Txerloian. Bi taldeek ez zuten gehiegi arriskatu bere burua.

Halere, ordu erdira iristear zenean neurketa, Anaitasunaren gola iritsi zen. Ezker hegaletik Mikel Arzalluzek jokaldia egin, atzelariak atzean utzi eta erdiraketa egin zuen. Iriartek errematatuko zuela zirudienean, baina, ez zen baloira ondo iritsi, eta egin zuen ukitu arina Iñigo Arzalluzek baliatu zuen gola egiteko. Bigarren zutoinaren parera bakarrik iritsi zen hegaleko jokalaria, eta ezkerrez, atezaina gainditu zuen gureak aurretik jartzeko. Atsedenaldira iritsi aurretik, gainera, aldea handitzeko tartea ere izan zuen Anaitasunak.

Aktiboena izan zen Aramendik erdiraketa aparta egin zuen eskuin hegaleko falta batean, eta Markelek, area txikian, atezainaren parean, buruz gora bota zuen. Pena bakar horrekin joan ziren gureak aldageletara.

Bigarren erdian, gutxitan bada ere, Anaitasuna iritsi zen aurkariaren atera. Jokamoldea aldatu zuten kanpokoek, atzean arrisku gehiago hartuz, baina Anaitasuna ez zen espazio horiek aprobetxatzera gehiegitan iritsi. Atzean jarrita, eroso izan zen taldea. Aramendik eta Anderrek izan zituen aukerak bigarren zatian, ez oso argiak. Aramendiren ezkerkada gora joan zen eskuin hegaletik erdiraketa errematatuta, eta Anderrek, Iñakiren pasea eta gero, burukada Aramendiren leku berera egin zuen, gora.

Aurrera Vitoria Anaitasunaren zelaian sartu zen minutuek aurrera egin ahala. Ez zuten beldur gehiegi sortu, ez baitziren atera jaurtiketa asko egitera iritsi. Anaitasunak defentsa lan ona egin zuen, erabat batuta jokatu zuten eta lortu zuten desio zuten garaipena.

Amaitu aurretik, Aramendik denbora galtzeko baloiari ostikoa eman zion, eta epaileak ikusi egin zuen. Bigarren txartel horia ikusi zuen ezker jokalariak, eta hamar jokalarirekin jokatu behar izan zituzten mutilek azken segundoak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos