'Jainko Basatia' antzezlana eskainiko da iluntzeko 19:30ean Baztartxon

Agirre eta Laskurain, Vázquez Kultura zinegotziarekin atzo. /  SUDUPE
Agirre eta Laskurain, Vázquez Kultura zinegotziarekin atzo. / SUDUPE

Umoretik eramandako antzezlanaren sarrerak, 6 eurotan, leihatilan bertan eskuratu ahalko dira

AZKOITIA

Gaur 19:30ean, Txalo Produkzioak-ek ekoiztutako 'Jainko Basatia' antzezlana eskainiko da Baztartxon. Obra aurkezteko Azkoitian izan ziren atzo Xabier Agirre ekoizlea eta Mikel Laskurain aktorea. «Berez, egoera drama da baina guk umoretik eraman nahi izan dugu eta oso ondo funtzionatu du». Aktoreak hainbatetan «barreari eutsi ezinik» egoten direla aipatu zuen. Argudioa ere azaldu zuen «bi umek borrokan egiten dute elkarrekin eta gurasoak, formalak, ondo heziak, elkartzen dira bakeak nola egin hitz egiteko. Baina gauza korapilatzen joaten da eta azkenean, bakoitzak bere semea defendatzen du. Berotzen, berotzen, sekulako iskanbila sortzen da. Oso modu komikoan bukatzen da». Xabier Agirreren esanetan, «gauza asko esaten da oso testu inteligentea» delako. Egoera horren aurrean, «ikuslea islatuta ikusten da, oso erreala da».

'Jainko basatia' obra ezaguna da eta zinean ospe handia izan du. Testua Jasmina Reza autore frantsesarena da eta estatuan ere eraman da antzerkira emaitza onekin.

Orain arte, antzezlanak Baztartxon gaueko 22:00etan izaten ziren. Biharkoa, 19:30ean da, ordu egokiagoa delakoan antzokia betetzeko eta ikuslegoari hobeto etorriko zaiolakoan. Ordubete eta hogei minutu ingurukoa da antzezlana.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos