'Herrikoloreak' herriko kultura bultzatu nahi duen ekimena aurkeztu da

Ekimenaren logo edo irudia ere aurkeztu zen ostiralean plazan. /
Ekimenaren logo edo irudia ere aurkeztu zen ostiralean plazan.

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

Ostiral arratsaldean 'Herrikoloreak' herri ekimen jendetsua aurkeztu zen enparantzan.

Kultur eragileek osatzen dute «herritik eta herriarentzat sorturiko ekimena» eta kultura, osasuntsu hazteko, egunero zaindu eta bultzatu behar den zerbait dela xede hartuta «Azkoitiko kultur eta kirol talde eta banakoen arteko harremanak saretzea, era guztietako afizio eta pasioak partekatzea, bizitzeko eta gozatzeko modu desberdinak ezagutzera ematea...,» dutela ardatz adierazi zuten aurkezpenean.

Herrikoloreak osatzen duten taldeek eta banakoek uste dute «kultura ere, loreek bezalaxe, sustraietan ongi errotuz gero, herriari kolorea emango dio eta herriaren izaera definituko du, bere alderdi guztietan: osasunean (kirola, jateko ohiturak...), intelektualean (artea, musika, literatura...), historikoan (herri ezagutza, ikerketa, dibulgazioa...)».

Hori guztia kontuan izanda, irailak 15ean izango da ekimen honek «lehenengo loraldia» adierazi zuten. Antolatuko duten Azkoitiko I. Kultur Eguna kultur taldeen erakusleiho izan nahi du.

«Bakoitzari, modu libre batean, bere zaletasunak eta nahiak azaleratzeko aukera ematea du helburu, herriko kultura eta kirol ekimenak kolektiboki kaleratuz, plazaratuz, partekatuz eta elkarri erakutsiz, eta herritarrak parte hartzera gonbidatzea».

Kontzertuak, trikitilariak, bertsolariak, kirol txapelketak eta erakustaldiak, margolariak, argazki tourra, paella lehiaketa... antolatuko nahi dituzte egun horretarako.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos