Etxean eta Deustoren aurka ekingo dio Anaitasunak denboraldiari larunbatean

Joan den uztailean ekin zioten hirugarren mailako mutilek entrenamenduei Txerloiako instalazioetan./
Joan den uztailean ekin zioten hirugarren mailako mutilek entrenamenduei Txerloiako instalazioetan.

Bigarren jardunaldian txapelduna bisitatuko dute gorrixek, Alaves B hain zuzen

JOAQUIN SUDUPEAZKOITIA.

Larunbat honetan ekingo dio Anaitasunak denboraldi berriari Txerloian Deustoren aurkako norgehiagokarekin (17.30), eta bigarren jardunaldian joan den denboraldiko txapelduna bisitatuko dute gorrixek, Alaves B hain zuzen.

Hamargarren jardunaldian jokatuko da lehen derbia, Azpeitiko Garmendipen, urriak 21-22 asteburuan. Bigarren itzuliko neurketa 29. jardunaldian jokatuko da Txerloian, 2018ko martxoak 10-11 asteburuan. Denboraldia Santurtziren aurka agurtuko dute, maiatzak 12-13 asteburuan.

Egutegiak horrela zehaztuta, aste egunetako partidetan etxetik kanpo aritu beharko du Anaitasunak; guztira, hiru neurketa jokatuko dituztelarik aste barruan. Lehena, urriaren 12an jokatuko dute Beasainen aurka Loinaz zelaian. Bigarrena, azaroaren 1ean, Amurrioren aurka Basarten. Aste Santuen aurretik, martxoaren 29an, jokatuko dute aste barruko hirugarren neurketa, Zamudioren aurka.

Aurtengo denboraldian; 13 izatetik 14 talde izango dira eta honetaz gain futbol eskola ere izango du klubka. Guztira, 400 jokalari (neska eta mutilak) eta 50 teknikari eta laguntzaile (zuzendaritza, medikua, masailaria, utilleroa...) osatuko dute kluba. Taldearen gorputza azkoitiarrez osatuta dago eta fitxaketa moduan, Mikel Arruti, Ander Moya, Aitor Diez, Iñigo Susaeta, Sergio Barquero, Julen Iriarte, Gaizka San Miguel eta Mikel Arruti atezaina gehitu dira.

Kuotak mantenduko dira

Bestalde, aurreko denboraldian bezala, 2017-18 denboraldian ere bazkideen kuotak mantenduko ditu klubak. Denboraldi berriko bazkide kanpaina abuztuaren 12an jarri zen martxan, eta ordutik aurrera Anaitasunako bazkide egiteko aukera dago zabalik.

Joan den denboraldiari buruz -eta ekainean, batzar orokorrean, argitu zen bezala- sarrera eta irteeretan oreka izan du klubak azken denboraldian eta kirol arloan, bai neska eta bai mutiletan denboraldi hasieran jarritako helburuak bete ziren. Oinarrizko futbol taldeetan jokalariek aurrera egin zuten klubak jarritako formakuntza helburuetan, batez ere metodologia arloan, eta mailarik altuenetan lehiatzen duten taldeek emaitza bikainak lortu zituzten.

Helburuak

Denboraldi berriko helburua kirol arloan, azken urteetan eginiko lanari jarraipena ematea da, hau da, jokalari gazteen formakuntzari lehentasuna emango zaio eta goi mailako taldeetan emaitzei eta klubeko baloreen transmisioari emango zaio garrantzia.

Arlo sozialean sare sozialak hartu duten indarra mantentzea izango da helburua, bazkide kopurua handitzea eta kluba irekita izatea inguruko eragile guztiei. Sare sozialen erabiltzaile kopurua 3.000 pertsona ingurukoa da, Instagram, Twitter eta Facebook kontuan izanda. Webguneari dagokionez, iazko ekainetik aurtengo ekainera Anaitasunako web orriak 100.000 bisita inguru izan ditu.

Fotos

Vídeos