Eibarretik utzita, Iñigo Susaeta erdilaria etorri da Anaitasunara

Josu Juaristi kirol arduradunak aurkeztu zuen Susaeta Txerloian. /
Josu Juaristi kirol arduradunak aurkeztu zuen Susaeta Txerloian.

Denboraldi-aurreko lehen lagunartekoa uztailaren 29an jokatuko dute, Real Sociedad C taldearen aurka

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

Iñigo Susaeta Markuer-kiaga (Eibar, 1998) da Anaitasunak 2017-18 denboraldirako egin duen seigarren fitxaketa. SD Eibar taldetik dator, utzita. Zelai erdian joka-tzen du eibartarrak.

Joan den astean aurkeztu zuen Josu Juaristi kirol arduradunak Susaeta Txerloian. Jokalariak San Juango eta Txerloiako instalazioak ezagutzeko aukera izan zuen, eta Anaitasunako kamiseta gorria lehen aldiz jantzi du eibartarrak. Eibarko harrobian egin du orain arteko ibilbidea, eta iaz Ohorezko Jubenil Mailan jokatzen eta Vitoria taldean aritu da entrenatzen. 18 urtez azpiko Euskal Selekzioan ere aritutakoa da Susaeta.

Kirol arloan jarraituz, joan den ostegunean hasi zen Anaitasunaren Hirugarren Mailako taldea denboraldi berria prestatzen.

Denboraldi-aurreko lehen lagunartekoa uztailaren 29an jokatuko dute, Real Sociedad C taldearen aurka. Neurketa hori 11:00etan hasiko da, Zubietan. Ondoren, Vitoria, Cultural Durango, Beasain eta Zarautz taldeekin neurtuko dituzte indarrak liga txapelketa hasi aurretik.

Bazkideen kuotak

Bestalde, aurreko denboraldian bezala, 2017-18 denboraldian ere bazkideen kuotak mantenduko ditu klubak.

Denboraldi berriko bazkide kanpaina abuztuaren 12an jarriko da martxan, eta ordutik aurrera egongo da Anaitasunako bazkide egiteko aukera. Egun horretan, Xabier Sagarzazuren omenezko XX. Andra Mari Futbol Sariari dagokion neurketa jokatuko dute Anaitasunak eta Beasainek.

Iaz bezala, 2017-18 denboraldirako bi bazkide txartel zozkatuko ditu sare sozialen bitartez jasotako oporretako argazkien artean. Anaitasunaren irudia eta kolorea ondoen erakusten duten oporretako bi argazki sarituko dira.

Zozketa abuztuaren 25ean egingo da, beraz, argazkiak lehenago bidali beharko dira. Zozketan parte hartu nahi duenak Anaitasunaren sare sozialetan publikatu beharko du argazkia, hau da, Facebook, Twitter edota Instagram kontuetan. Horretarako, Anaitasunaren kontua aipatu #AupaGorrixek traola erabili beharko da argitalpenean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos