Bihar hasiko da Herriarteko pilota Txapelketa azkoitiarrentzat

Gomazko paleta txapelketako taldea eta eskuzko txapelketetan arituko diran pilotari azkoitiarrak. / MAXIXATZEN-SUDUPE
Gomazko paleta txapelketako taldea eta eskuzko txapelketetan arituko diran pilotari azkoitiarrak. / MAXIXATZEN-SUDUPE

Gomazko paleta modalitatean ekingo dio arratsaldeko 17:00etan Gurean | Gomazko paletako txapelketa jokatuko den lehendabiziko aldia izango da aurtengoa

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

Bihar hasiko da 2018ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa azkoitiarentzat eta gomazko paleta modalitatean ekingo dio arratsaldeko 17:00etan Gurea pilotalekuan.

Gomazko paletako txapelketa jokatuko den lehendabiziko aldia izango da aurtengoa, 16 herri arituko dira modalitate honetan eta Azkoitia horietako bat izango da. Lehen gutxietsitako modalitate honek gero eta zale gehiago ditu eta horren lekuko partehartze kopurua da. 2000. urtean hamar talde aritu ziren eta aurten 58 apuntatu dira senior eta sub 22 kategorietan.

Senior kategorian 16 talde arituko dira (gizon eta emakumez osaturikoak) eta eskuzko sistema berdina erabiliko da, hau da kanporaketa zuzenak. Azkoitiko palistak Marcos Azpiroz, Iker Epelde, Jokin Aizpuru, Igor Juaristi eta Igor Larrañaga dira. Final zortzirenetan hasiko dira Amasa-Villabonaren aurka eta itzulerako partidua kanpoan jokatuko du. Hiru modalitatetara jokatuko da gomazko paleta modalitatean; buruz-buru, zazpi koadroren barruan banaka, eta binaka. Finala ekainaren 24an jokatuko da.

Eskuz modalitatean

Bestalde, Azkoitiko pilotariek, eskuz modalitatean ere hartuko dute parte eta hemen 18 herrik eman du izena. 51. edizioa izango da aurtengoa eskuz eta urte hauetan Azkoitiak jantzi ditu txapel gehien eskuko txapelketan, 16 hain zuzen ere (beste 6 aldiz izan da txapeldunorde). Donostia da bigarren palmaresean, 6 txapelekin (4 bider azpitxapeldun) eta Azpeitia hirugarren, 6rekin (3tan txapeldunorde).

Iazko edizioa Azpeitiak irabazi zuen, eta Astigarraga izan zen txapeldunorde. Azpeitia berriro nagusituko balitz, lehendabiziko herria litzateke lau aldiz jarraian lehia irabazten.

Eskuzko txapelketa zortziretan hasiko da azkoitiarrentzako datorren asteburuan eta Zumaia-Donostia arteko irabazlea izango dute lehen arerioa. Finalak ekainak 30ean izango dira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos