Bihar bukatzen da Alde Zaharrean dendak zabaltzeko laguntzak eskatzeko epea

DV AZKOITIA.

Herriko Udalak diru-laguntzak emango ditu Alde Zaharreko lokaletan establezimenduak zabaltzeagatik. Bigarren urtez, diru-laguntzak emango dizkie Alde Zaharreko lokal hutsetan 2017an establezimendu komertziala zabaldu duten merkatariei. Laguntzak alokairua ordaintzeko izango dira.

Diru-laguntza eskatzeko epea bihar amaituko da, hilak 21. Udalak iaz jarri zituen martxan diru-laguntza hauek ekintzailetasuna sustatzearekin batera, Alde Zaharreko lokalak berreskuratzeko asmoz. Iaz bost establezimenduk jaso zuten laguntza estreinakoz.

20.000 euroko partida

20.000 euroko partida du Udalak aurtengorako. Laguntzak lokalaren alokairua ordaintzeko direnez, baldintzetako bat da ekintzaileak edo merkatariak lokalaren jabearekin duen kontratuak gutxienez hiru urteko iraupena izatea. Onuradunek hiru urtez jarraian jasoko dute laguntza. Lehenengo urtean, alokairuaren kostuaren %75a, gehienezko kopurua hileko 300 eurokoa delarik. Bigarren urtean, kostuaren %50a, gehienez 250 euro jasoko dituztelarik hilean. Hirugarren urtean, berriz, alokairuaren %25a lagunduko da diruz eta gehienez 125 euro jasoko ditu ekintzaileak.

Udalak eskatzaileen artean balorazioa egingo du eta finkatuta dituen irizpideen arabera banatuko ditu laguntzak. Besteak beste, negozioaren originaltasuna, aurreikusitako inbertsioa, sortutako lanpostuak edota alokairuaren prezioa.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos