Beste puntu bat batu zuen igandean Anaitasunak Zubietan

Aritz Aranbarri, Realeko azkoitiarra, Iñigo Arzalluzekin lehian eta Mikel Arzalluz txuri urdinen lerroak zeharkatzen./MAIALEN ARZALLUZ
Aritz Aranbarri, Realeko azkoitiarra, Iñigo Arzalluzekin lehian eta Mikel Arzalluz txuri urdinen lerroak zeharkatzen. / MAIALEN ARZALLUZ

Taldeak defentsa lanari garrantzi handia eman zion txuri-urdinen aurka hutsean berdintzeko

JOAQUIN SUDUPEAZKOITIA.

Aukera gutxiko neurketa jokatu zuten Real Sociedad C-k eta ata Anaitasunak. Gureek baloi gehiago izan zuten lehen 45 minutuetan, baina txuri-urdinak neurketaren kontrola izan zuten. Etxekoek arrisku gutxiago sortu zuten lehen zatian, gureak eroso aritu zirelarik defentsa lanean.

Donostiarrek apenas egin zioten min gure mutilei lehen zatian, baina Anaitasunak ere ez zuen aukera garbirik sortu. Korner jokaldi batean, gutxiagatik ez zuten egin gola etxekoek euren atean. Atsedenaldira iristi baino bederatzi minutu lehenago, ordea, Aitor Diezek gol aukera sortu zuen. Bi atzelari txuri-urdinen artetik aurrera egitea lortu zuen eskuin hegaleko jokalariak, baina ez zuen erdiraketa behar bezala egiten asmatu, Ander Arabaolaza baloiaren zain baitzegoen metro batzuk atzerago.

Bigarren zatian jokoa aldatu egin zen Realak zuzenago jokatuz, eta nahiz eta gureak inoiz ez ziren arriskuan ikusi, Anaitasunari arazo bat baino gehiago sortu zizkion. Ezker hegaletik erdiraketa arriskutsuak egin zituzten donostiarrek, baina Arrutiren geldituek, eta atzelarien lan onak, markagailua hutsean mantentzea lortu zuten.

Anaitasunak izan zuen huts eta batekoa egiteko aukera. Lehen ordua bete zenean, ezker hegaletik lotu zuten jokaldia, Mikel Arzalluzek Ander Moyarekin jokatu baizuen. Durangarraren erdiraketa Ander Arabaolazak hartu zuen area barruan, baina bira emateko lekurik utzi ez ziotenez, Mikel Arzalluzekin jokatu zuen. Aurrelariaren jaurtiketa, baina, gora joan zen.

Ondo landutako puntua

Ondoren ez zen aukera gehiegi ikusi. Txuri-urdinak nagusitu ziren berdegunean, baina Anaitasuna eroso aurkitu zen aurkariaren aurrean, eta kontraerasoan irtetzeko aukera izan zuten gorrixek.

Luzapeneko azken minutuan, esaterako, ez zuten urruti izan huts eta batekoa. Anderrek ezker hegaletik aukera eman zion San Migueli, eta area ertzean baloia hartu ondoren, zelaian minutu gutxi zeramatzan Aramendirekin jokatu zuen. Ezker jokalariak ondo ikusi zuen Julen Iriarte area barruan bakarrik zegoela, baina erdiraketa motz gelditu zitzaion eta atezainak eskuetan hartzea lortu zuen. Jokaldi horrekin amaitu zen neurketa.

Gureek ondo landutako puntua jaso zuten Zubietan, eta lau jardunaldi jokatu eta gero, porrotik ikusi gabe jarraitzen dute Igor Quindosenek. Datorren asteburuan, zapatuan 17:30ean, Anaitasunak Bermeo jasoko du Txerloian. Aurretik, asteartez, asteazkenez eta ostiralez egingo dute lan saioa mutilek, atzo astelehena atseden hartu bait zuen taldeak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos