Anaitasunak etxeko lehen garaipena lortu du Portugaleteren aurka

Portugalete ahalguztiduna gainditu zuten talde-lanari esker eta orain beste era batera hartuko dute datorren zapatuko derbya.
/SUDUPE
Portugalete ahalguztiduna gainditu zuten talde-lanari esker eta orain beste era batera hartuko dute datorren zapatuko derbya. / SUDUPE

Markel Eskurtzak eta Julen Iriartek egindako golekin, etxeko lehen garaipena eta arnasa hartu dute gorrixek

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

Anaitasunak jada badaki zer den aurten etxean irabaztea. Gorrixek Portugalete ahalguztiduna gainditu zuten igandean Txerloian. Neurketa hasi eta segituan egin zuten gola estua izan zen lehen zatian. Bigarren zatia hasi eta zor-tzi minutura iritsi zen bisitarien gola, baina taldearen erantzuna ona eta azkarra izan zen eta etxeko lehen garaipena lortzeko kolpea eman zuten ordu erdiaren faltan. Defentsa eta talde-lan ikaragarri bati esker, emaitzari heldu zion taldeak, eta arnasa sakon eta lasai hartzeko garaipena lortu zuten mutilek.

Bigarren minutuan egin zuen bat eta hutsekoaren gola Anaitasunak. Mikel Aramendik erdiratu zuen korner jokaldia, eta Markel Eskurtzak buruz egin zuen gola. Indar handiz sartu zen gorrixen erdiko atzelaria errematera, eta atezaina gaindituta zuen baloia buruz errematatu zuen taldea aurretik jartzeko.

Neurketaren gidoia azken neurketetakoaren antzekoa izan zen. Baloiaren jabetza aurkariarena izan zen, eta Anaitasunak kolpeka, Portugaleteren zelaia arrisku handiz zapaltzea lortu zuen. Intentsitate handikoa izan zen lehen zatia.

Bigarren zatiari trakets ekin zieten gorrixek, eta 53. minutuan lortu zuen berdinketaren gola kanpokoak. Eskuin hegaletik ezkerrera ondo mugitu zuten hiru pase eginda, eta hegaleko ezker atzelariak Arrutiren area zapaldu zuenean, azpitik erdiratu zuten baloia. Orioko atezainak erdiraketa gaiztoa geldi-tzea lortu zuen, baina aldaratzea utzi zuen eta Portugaleteko aurrelariak ez zuen aukera alferrik galdu.

58. minutuan, Ander Moyak hegaleko sakea motzean atera zuen Iñigo Arzalluzekin jokatzeko, eta Iñigok maisutasun handiz atzelariak atzean utzi, eta arean sartzea lortu zuen. Julen Iriarte bakarrik ikusi bezain laster egin zion pasea hegaleko jokalariak, eta Iriartek, zetorren bezala lurrera erori aurretik jaurti zuen atera, bi eta batekoa lortzeko.

Portugalete saiatu zen, baina aurrean zelaian ondo jarritako Anaitasuna aurkitu zuen azken ordu erdian ere. Ez zuten gorputzean beldurrik sartzerik lortu bizkaitarrek. 87. minutuan izan zuten berdinketa lortzeko aukera, baina berriz ere Arruti atezainarekin egin zuten topo.

Falta jaurtiketa arriskutsua izan zuten area ertzean kanpokoek, eta atezainaren aldera behetik jaurtita ezustean harrapatu nahi izan zuten Arruti, baina ez zuten lortu. Esku ona atera zuen oriotarrak, bi eta batekoari eusteko.

Etxeko lehen garaipenean taldeak batutako puntuek duten esanahia kontuan hartuta, beste modu batera hartuko du orain Anaitasunak datorren zapatuko derbya. Garmendipen arituko dira gorrixek Lagun Onaken aurka, 17:00etan. Azpeitiarrak baino puntu bat gutxiagorekin iritsiko dira Azpeitiara mutilak, baina bi gainetik itzultzeko asmoz joango dira. Igandeko talde-lanarekin, dena da posible.

Fotos

Vídeos