Anaitasunak esfortzu handia egin behar izan zuen puntu bat lortzeko

Partida hasi baino lehen, Sidenorrek babesten dituen talde biek argazkia atera zuten elkarrekin.  /  ARGAZKIAK SUDUPE
Partida hasi baino lehen, Sidenorrek babesten dituen talde biek argazkia atera zuten elkarrekin. / ARGAZKIAK SUDUPE

Asteazkenean, 20:00etan, Beasainen aurka arituko da Anaitasuna, eta igandean, 17:00etan, Portugaleteren aurka

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

Gorrixek seigarren berdinketa lortu zuen, larunbatean, Basconia taldearen aurka. Lehen zatian aurpegi ona eman zuen Igor Quindosen taldeak, baina bigarren ez zen horrela izan, eta Basconiaren zelaia zapaltzeko lanak izan zituzten.

Aukerarik garbienak lehen zatian izan zituzten eta amaieran, jokalari bat gutxiagorekin, izua sortu zen Txerloian, baina puntu bat batzeko gai izan zen taldea.

Aukera gutxi izan ziren lehen minutuetan. Gure mutilek baloiaren jabetza aprobetxatu nahi izan zuten aurkariaren ate-eremuan arriskua sortzeko, eta Basauriko taldeak, bestalde, kontraerasoan asmatu zuen Anaitasunari min egiten.

24. minutura arte ez zen aukera garbirik izan. Xubanen area zapalduta estuasun bat edo beste izan zuten mutilek, baina garbiena Ander Arabaolazak izan zuen. Ezker hegaletik ondo iltzatu zuten jokaldia gorrixek, eta Mikel Aramendik egindako erdiraketa Ander Arabaolazak bakarrik errematatu zuen area txikian. Basconiako atezainak, ordea, sekulako eskua atera zion gure aurrelariari, eta gola ekiditea lortu zuen.

Bigarren zatian Anaitasuna ez zen horrenbestetan azaldu Basconiaren zelaian, hein handi batean baloiaren jabetza hasieratik Basconiak hartu zuelako, eta jokoari abiadura eta erritmo handia eman ziolako. Halere, aldageletatik itzuli eta berehala, Ander Arabaolazak gertu izan zuen gola.

Gero, protagonismoa osoa Basconiak hartu zuen Txerloian. 57. minutuan, area ertzeko jaurtiketa batean gola gertu ikusi zuten bisitariek, baina Xubanek adi zegoela erakutsi zuen.

Amaitzeko zazpi minutu falta zirela, berriz, Basconiak zelairatu berri zuen jokalari batek Txerloia isilarazi zuen une batez. Bigarren zutoinera erdiratu zuten baloia kanpotarrek ezker hegaletik, baina Anaitasunaren mesederako jokaldia gaizki amaitu zuten. Segundo gutxira, epaileak bigarren txartel horia erakutsi zion Julen Iriarteri zelai erdian falta bat egitearren, eta gorrixek jokalari bat gutxiagorekin amaitu behar izan zuten neurketa. Igor Quindos entrenatzailea ere kaleratu zuen Ojeda epaileak hartutako beste erabaki baten aurka egiteagatik.

Galdu gabe oraindik

Kontuak kontu, berdinketa batekin amaitu zen Anaitasuna eta Basconia taldeen arteko dema; jada sei berdinketa lortu dituzte mutilek. Hirugarren Maila honetan neurketarik galdu ez duen talde bakarra da Somorrostro taldearekin batera.

Zenbakiak alde batera utzita, taldea jada aste honetara begira jarrita dago, ez baita aste xamurra izango. Bi neurketa jokatuko dituzte mutilek Lagun Onaken aurkako derbiaren aurretik.

Asteazkenean, 20:00etan, Beasainen aurka arituko da Anaitasuna, eta igandean, 17:00etan, Portugaleteren aurka. Jokoan izango diren sei puntu horiek garrantzia handia izango dute denboraldia bideratzeko.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos