Anaitasunak balio handiko puntua lortu zuen Durangoko Tabira zelaian

Erasoan oso presentzia gutxi izan zuten gorrixek. /  MAIALEN ARZALLUZ
Erasoan oso presentzia gutxi izan zuten gorrixek. / MAIALEN ARZALLUZ

Bolada txarrari agur esan dio taldeak puntu honi esker

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

Hirugarren Mailako talde handienetako baten etxean lortu zuen Anaitasunak bere bolada txarra agurtzea. Taldea sendo agertu zen defentsa lanean, eta aukera gutxi utzi zizkion neurketa guztian jokoaren ekimena eman zuen Cultural Durango taldeari. Aspaldiko partez puntu bat batuta, taldeari esperantzarako iturria ireki zaio, eta era berean, indarberrituta atera zen datozen asteetara begira.

Lehen zatian ez zen aukera garbirik izan. Durangok alde batetik bestera mugitu zuen baloia espazioen bila, baina Anaitasuna bere zelaian batuta egon zen uneoro, eta nahi zutena egiteko aukera gutxi izan zuten durangarrek. Gorrixek kontraerasora irteteko moduko neurketa zuten, baina ez zuten era horretan min gehiegirik egin. Erasoan oso presentzia gutxi izan zuten gureek. Etxekoek joko erasokorra aurkeztu zuten Anaitasunaren aurkako neurketan. Mutilei hasieran zerbait kostatu baldin bazitzaien ere, minutuek aurrera egin ahala erosoago aurkitu ziren zelaian. Durangoko taldeak aukera bat izan zuen aurretik jartzeko, baina ez zen ezer garbirik izan, ez gureak ondo estutzeko modukoa behintzat.

Aukera garbiagoak

Bigarren zatian, aukera garbiagoak izan zituen etxeko taldeak. Area ertzeko jaurtiketa batean esku ona atera zuen Arruti atezain oriotarrak. Hori 57. minutuan izan zen. Handik bi minutura, durangarren garbiena iritsi zen. Orioko atezainaren ate eremutik kanpo egindako beste jaurtiketa batean, baloiak eskuin zutoinean jo zuen, eta ondoren kanporako bidea hartu.

Azken minutuetan gogor bultzatu zuten bizkaitarrek, eta Anaitasuna bere zelaian sartuta, ahalik eta pilatuen egon zen. Halere, amaitzeko minutu gutxiren falta, etxekoak area kanpotik saiatu ziren birritan. Lehena zutoinaren ondotik kanpora bota zuten, oso gutxigatik; bigarrenean, Arrutik eskua luzatu eta baloia gelditzea lortu zuen.

Luzapeneko minutuak zoroak izan ziren eta Julen Iriartek, kontraeraso horietako bat mozten hasita, txartel gorria ikusi zuen.

Kontuak kontu, Anaitasunak puntu ona batu zuen zelai konplikatu batean. Aste honetan, Durangon eskuratutako puntua ontzea tokatzen zaie gorrixei. Somorrostro taldea hartuko dute igandean, Txerloian. Bolada onean murgilduta da Muskizko taldea; azken bost jardunalditan hiru garaipen eta bi berdinketa batu dituzte-eta.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos