Diario Vasco

Giro ezin hobea San Andres egunean

Plaza eta inguruko kaleak  jendez gainezka egon ziren.
Plaza eta inguruko kaleak jendez gainezka egon ziren.
  • Eguraldi ona lagun izanik, jende ugari hurbildu zen eguna ospatzera

Giro bikaina eta jende ugari izan ziren protagonistak atzoko San Andres eguneko ospakizunean eguraldi ona lagun izan zelarik. Lehendabiziko orduetan ez zen jende askorik hurbildu herriko enparantzara baina eguerdi aldera, plaza eta inguruko kaleak jendez gainezka zeuden eta festa giroa nagusi zen dudarik gabe.

Egun osoan zehar, herriko plazako arkupetan prestaturiko talo, txistorra, tortilla eta abarrek, harrera ona izan zuten eta azkoitiar ugari hurbildu ziren mokadua hartzera. Plazan jartzen diren txerritxoak erakargarriak izaten dira txikienentzako eta haur eta ume ugari bertaratu ziren festako momenturik ederrenaz gozatzeko. Ezin ahaztu Txuri Urdin elkarteak antolaturik, marrazki eta buztin modela lehiaketa ere ospatu zela eta berorrek izugarrizko kolorea eman ziola San Andres festari. Aurtengoan, 1.000 haur baino gehiagok hartu zuten parte.

Txalkorri omenaldia

Eguerdian, udaletxeko areto nagusian Txalkor Txistulari taldeari esker-tza ekitaldi hunkigarria egin zitzaion, 25 urte daramatzatelako Udaleko txistulari talde ofiziala izaten.

Ondoren, herri kirol jaialdi bikaina eskaini zen enparantzan. Bertan Mikel Larrañaga eta Joseba Otaegi aritu ziren aizkoran eta Martin Mendizabal, Xabier Lizarralde eta Goenatxo III harri jasotzen. Jon Unanue Goenatxo III. gazteak bi marka egiten ahalegindu zen, hau da, 175 kiloko harri kubikoarekin eta 213 kiloko errektangularrarekin hiruna minutuko jasotze saiakerak eta bakoitzarekin, bi jasoaldi burutu zituen. Aipatu behar ere zenbat postu ezberdin jarri ziren plaza Berri, Eliz atari eta Balda plazaren barrena janari, gozoki, arropa, jostailu eta abar luze bat saltzen.

Arratsaldean, Txuri Urdin elkartearen marrazki eta buztin modela lehiaketako sari banaketa egin zen eta ondoren, Oteiza pilota elkarteak antolatuta, Kontzejupe sariaren azken partidak jokatu ziren. Txapelketaren berrogei eta hamahirugarren edizioa zen eta guztira 70 pilotari aritu dira kanporaketetan. Gauean, Gurea udal probalekuan, Azkoitiko Jota Txikiu probazale elkarteak antolaturiko San Andres kintopeko idi dema sariko jardunaldia burutu zen.

Bihar, etzi eta astelehenean jarraituko dute idi demak Gurea probalekuan 22:00etan. Bihar arituko diren uztarriak, Artaso (Elgoibar), Biok (Errenteria) eta Alegria (Bermeo) izango dira.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate