Diario Vasco

Bihar arratsaldean 'I Mangaixue bike BTT martxa' izeneko proba egingo da

  • Arratsaldeko 15:30ean izango du irteera Plaza Berrin eta bukaera

Azkoitiko mendietan barrena egingo den 'I Mangaixue bike BTT martxa' izeneko probak bi ibilbide izango ditu. Bata 25 kilometrokoa eta 1.100 metroko desnibelarekin eta bestea, 33 kilometrokoa eta 1.500 metroko desnibelarekin. Azkoitiko mendietako txoko berri eta ezezagunetatik pasatuko dira ibilbideak eta zortzi lagunek osaturiko 'Mangaixue' taldeak antolaturiko proba da.

Azkoitiar hitz peto petoa

Froga eta taldearen izenari buruz zera adierazi dute «Mangaixue edo mangaxixue azkoitiar hitz peto petoa da. Lehen asko erabiltzen zena eta esfortzu handia egin ondorengo nekea adierazten duena da, biharamuneko giharretako mina, paliza». Azkoitiko Anaitasuna Mendi Bazkunaren babesean burutuko den froga arratsaldeko 15:30ean izango du irteera Plaza Berri eta bertan ere izango du bukaera.

300 parte hartzaile baino gehiago ez ditu hartuko eta jan eta edariz osaturiko bi gune atonduko dira ibilbideetan (10 eta 22. Kilometroetan).