Diario Vasco

«Iazko denboraldiari jarraipena ematen saiatuko gara aurten»

Igor Quindos ere denboraldia hasteko irrikaz da.
Igor Quindos ere denboraldia hasteko irrikaz da. / ANAITASUNA
  • Ohorezko Mailako taldeak bihar hasten du denboraldi berria 12:00etan Ordiziako Altamira zelaian

  • Igor Quindos Anaitasunaren Ohorezko Mailako taldearen entrenatzailea

Ohorezko Mailako taldeak bihar hasten du denboraldi berria 12:00etan Ordiziako Altamira zelaian eta prest da gutxienez pasa den urteko denboraldia errepika-tzeko. Iaz lortu ez zutena aurten lortzeko gogoz dira Igor Quindosen mutilak eta entrenatzailea bera ere denboraldia hasteko irrikaz da. Quindosek hasiera ona egitea oso garran-tzitsua dela azpimarratu digu.

Bi fitxaketa egin ditu taldeak. Zer emango diote bi jokalari berriek taldeari?

Astik futbola uztea erabaki zuenean eta ikusirik jubenil mailatik inor igotzen ez zela, garbi zegoen atezain bat behar genuela. Ander Rementeria hemen ibilitako mutila da, eta uste dut taldeak konpetentzia puntu bat eduki behar duela postu guztietan. Lehengo urtean Xubanek eman zuen maila onari jarraipena emateko fitxatu dugu Ander . Iker Pastrian aurrelaria ere orain del bi urte hemen egon zen. Ioritz Mendizabalek futbola uztea erabaki zuenean sortu zen Iker Pastrianen fitxaketa. Ikerrek duen futbol ibilbidearekin esperientzia emango digu. Pasa den denboraldiaren amaieran taldeak esperientzia falta eduki zuen, eta hortik bideratuta Iker jokalari garrantzitsua izan daiteke.

Zer nolako balantzea egiten duzu aurredenboraldiari buruz?

Ate barruko lana gehiago baloratu behar dugula uste dut, eta ez jokatu ditugun bost lagunartekoak. Lan ona egin delakoan nago, jokalari gehienek oporrak alde batera utzi dituzte, eta entrenatzen 18-20 lagun egon gara. Partidetan zentratuta, denboraldi-aurre ona egin dugu, lan karga dugu. Vitoriaren aurkakotik ondorio gutxi atera genituen, Getariako KETA, Zestoa eta Bergararen aurka maila ona erakutsi genuen. Agian, Amaikak Baten aurkako neurketa izan zen alderik beltzena. Iurretaren aurka itxura oso ona eman genuen.

Zein helburu ezarri diozu taldeari?

Nik uste dut lehengo urtean herrian sortu zen ilusio eta indarra mantentzea dela eta guk dugu giltza. Denei lehengo urtean genuen ilusio berdinarekin jarraitzeko eskatuko nieke, eta ea lehengo urtearen jarraipen bat izaten den aurten.

Pasa den denboraldia errepika-tzeko gai ikusten al duzu taldea?

Uste dut gauza garela. Aldaketa handirik ez da egon taldean, oinarri bezala pasa den urtekoa baita. Iaz gauza izan baginen, aurten ere gauza izan gaitezkeela pentsatu behar dugu. Horretarako, lehengo urteko lanaren jarraipena izatea lortu behar dugu. Bigarren amaitu genuelako ez dugu pentsatu behar gainerakoak baino hobeagoak garenik. Guk geu izan behar dugu, eta hori lortzen badugu lehengo urtekoa errepikatzetik gertu egongo gara.

Iaz bigarren amaitu izanak, mesede edo kalte egingo dio taldeari?

Uste dut egoera askotan mesede egingo digula. Bigarren postuan amaitu duen talde batek partida zailak eta garrantzitsuak aurrera atera dituela esan nahi du. Beste aldetik, ordea, presio puntua egon daiteke herri mailan. Azken denboraldian bigarren egin genuelako jendeak lehenak gelditzea eskatuko digu, baina ez dut uste horrela pentsatu behar dugunik. Guk asteburuetako partidan zentratu behar dugu, horrek emango baitigu amaiera ona.