Azaroaren bukaera aldera hasiko dira kiroldegiko obrak

Josetxo Mendizabal eta Denis Itxaso atzo Zestoan. / DV
Josetxo Mendizabal eta Denis Itxaso atzo Zestoan. / DV

Aldundia elkarlanean arituko da Zestoako Udalarekin kiroldegia birgaitu eta handitzeko

K. ARRIZABALAGA ZESTOA.

Denis Itxaso Kultura eta Kirol Departamentuko diputatuak eta Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak hitzarmena sinatu zuten atzo Zestoako udal kiroldegia zahar berritu eta handitzeko. Foru Aldundiak 600.000 euro jarriko ditu lan horietarako.eta Zestoako Udalak 1.000.000 euro. Alkateak eta diputatuak kiroldegia ikusten izan ziren gaur egun duen egoera ezagutzeko eta lekuan bertan hobekuntza lanen proiektua aztertzeko.

Aldundiak lehentasuna eman dio egungo ekipamenduak berritu eta birmoldatzeari, instalazio berriak eraikitzearen ordez, eta ondorioz hortik etorri da diru laguntza.

Udalaren ardura izango da obrak gauzatzea, eta amaituta egon beharko dute 2018ko abenduaren 31 baino lehen. Instalazioek kirol erabilera izango dute 10 urteko epean gutxienez.

Egungo Kiroldegiko instalazioak zaharkituta gelditu dira, 1976koak baitira, eta, beraz, ez dute behar bezala betetzen kolektibo guztien eskaerak. Horretaz gain egungo instalazioek irisgarritasun arazoak dituzte (ez dute igogailurik, abar).

Berritze lanak egin ondoren hainbat ekipamendu berri jarri ahal izango dira: frontoi osagarri txiki bat edo «trinket» bat; gimnasioa, muskulazio aretoa; bi areto balioaniztun kirol jarduera ezberdinak egiteko, (aerobic, yoga, spinning, ...) masaje aretoa; harrera-lekua, kontrola eta leihatilak; bilera gela; aldagelak; komunikazio gune irisgarria, eraikina frontoiarekin eta kantxarekin lotuko duena; eta beste erabilera osagarri batzuk: biltegiak, galdara gela, instalazio gela eta garbiketa gela, besteak beste. Halaber, konpondu egin behar da kanpotik sartzeko eta eraikinaren barruan ibiltzeko dagoen arazoa.

Atzoko prentsaurrekoan Gorka Unanue zinegotziak esan zuenez kiroldegiko lanak azaroak 20 eta 25 bitartean hastea espero dute.

Fotos

Vídeos