Aurrekontuak osatzeko Guztiok 1! egitasmoa prest

Udala Informatzen. Herritarren iritziak jakin ondoren herriari hauen berri ematen zaie. /  AMAXKAR
Udala Informatzen. Herritarren iritziak jakin ondoren herriari hauen berri ematen zaie. / AMAXKAR

Astelehenean abiatuko dute 2018ko udal aurrekontuak osatzeko parte-hartze prozedura hau

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Azken urteetan egin ohi den bezala, 2018ko aurrekontuak prestatzen hasteko garaia heldu da eta horretarako udal ordezkariak herritarren parte hartzea bultzatu nahi dute. Udal gobernuak aurten ere aurrekontu parte-hartzaileen prozedura erabiltzeko deia egin du.

Herritarrek lau modu ezberdin izango dituzte euren proposamenak egiteko. Alde batetik, etxe guztietara proposamenak jasotzeko fitxa banatuko dute ondorengo egunetan. Fitxa hori udaletxean espresuki horretarako jarritako postontzian bota beharko dute Getariako bizilagunek euren proposamenak idatzi ondoren. Bigarren aukera posta elektroniko bidez egitea izango da, bertan herritarrak ekarpenak helbide elektroniko honetara bidali behar dituzte guztiok1aurrekontuak@gmail.com, dituzten proposamenak jarriz. Horretarako azken eguna azaroaren 30a da.

Bilera irekiak egitea ere aurreikusi du Udalak, hau izango da hirugarren aukera. Dagoeneko plazaratu dute egutegia eta honakoa da: Astelehenean hasiko da, azaroak 20 eta bertan Meaga eta Eitzagako auzokideekin elkartuko dira gaueko 21:00etan. Datorren ostegunean, azaroak 23, bi bilera egingo dira egun berean. Hirigintza, Tokiko Garapena eta Turismoa landuko da batean, Udaletxean egingo da bilera, arratsaldeko 19:00etan hasita. Bestea Askizu eta San Prudentzioko auzokideekin egingo da gaueko 21:00etan.

Azaroak 28, asteartea, Herriko elkarteekin egingo da bilera Gustiok!-ek deituta. Gonbidapena bidaliko zaie aurrez. Azaroak 30, osteguna, Kultura, Euskera, Kultura, Hezkuntza, Kirola, Ongizatea eta Parte-hartzea gaiak aztertuko dituzte bertaratzen direnak, Udaletxean arratsaldeko 19:00etan.

Aurrekontuen osaeran parte hartzeko azken bidea online inprimakia betetzea izango da. Inprimaki hau Udalaren webgunetik eskuratu ahalko dute getariarrak. Behin prozesua amaituta, Udala Informatzen saioa egingo dute ekarpenen nondik norakoak jakitera emateko.

Ordenantzaren lanketa

Bestalde Udalak espazio publikoan erabilera pribatuko elementu higikorrak arautzeko udal ordenantzen lanketaren barne orain arte egindako bi bilerei jarraipena aste honetan emango dio.

3. faserako bilera deialdia datorren astearterako, azaroak 21, egin du. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da eta Berdura plazan egingo. Nori zuzendua dago? Herritarrei orokorrean (bizilagunak, ostalariak, dendariak eta interesa duen edonor). Deialdi honen helburua bikoitza da, batetik ordenantza proposamena aurkeztu eta atalez atal aurreko bileretan diagnostikatutako korapilo nagusiak askatu diren balidatu eta bestetik parte-hartze prozesuari amaiera eman. Parte hartzeko ez da derrigorrezkoa aurreko bileretara joan da izatea.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos