Atzo zabaldu zuten Getaria eta Zumaia arteko errepidea semaforo bitartez

Bide seinaleak. Prebentzio programaren barruan N-634an inbertsioak egiten ari da Foru Aldundia./
Bide seinaleak. Prebentzio programaren barruan N-634an inbertsioak egiten ari da Foru Aldundia.

Ostegunean lurra irristatu zen tokira etorri zen Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatua, lanak ikusi eta errail bat zabalduko zela ostiraletik iragartzeko

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Getaria eta Zumaia artean, kostako N-634 errepidea, atzo zabaldu zuten hilabete pasatxo itxita egon ostean. Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatua lurra irristatu zen tokian egon da obraren lehen zatia bertatik bertara ikusteko. «Aurreikusitako epeak mantendu ditugu eta ostiralean (atzo), arratsaldeko seietan, errail bat zabaltzeko moduan izango gara», aurreratu zuen ostegunean egindako bisitan. «Errepide honek, Getaria eta Zumaiako bizilagunentzat bereziki, duen garrantziaz jakitun, guretzako premiazko obra izan da», zehaztu zuen Oiarbidek.

Negu honetako euri jasa gogorren ondorioz, otsailaren lehendabiziko asteburuan lurra irristatu zen Getaria eta Zumaia arteko mendi-hegalean (27,100 kilometro puntuan), eta horrek N-634 errepideko trafikoa etenda eduki du bi udalerri horien artean. «Larrialdi neurriak hartu dira errepidea lehen bai lehen zabaltzeko. Oraindik hilaren amaiera arte iraungo dute lanek baina, errail bat zabalduta lanekin jarraitzeko moduan gaude. Drainatze zanga bat egin dugu mendi-hegalari ura kentzeko. Ezponda bat egin da eta, gainaldean, hormigoizko habea ainguratu bat jarri dugu, eta harri-lubeta bat eraiki da mugimendu gehiago gerta daitezen ekiditeko», adierazi zuen Bide Azpiegituretako diputatuak.

Bigarren fasea

Mendi-hegalaren azpialdean dagoen lur-erauzketako ezponda egonkortzeko lanak bigarren fasean egingo dira, proiektua urgentziaz izapidetuz. Bigarren fase horretan, sareta bat jarriko da buloien bidez ainguratuta. Azken fase horretako lanei maiatzean ekingo zaie eta bi hilabete eta erdiko iraupena eta 400.000 euroko aurrekontua izango dute, aurreikuspenen arabera.

Legealdi honetan prebentziozko programa bat jarri duela abian Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreratu zuen diputatuak. «Prebentziozko programa horren arabera, N-634 errepide honetan inbertsio handiak egiten ari gara; dagoeneko sei milioi inguru inbertitu dira eta datorren urtean beste bi milioi euroko obrak egingo dira», amaitu du esaten diputatuak.

Dagoeneko beraz, Zumaiako bidea zabalik dago eta semaforo bitartez zuzenduko da trafikoa luizia izan zen inguru honetan, errail bat erabiliz eta bigarren faseko lanak amaitu bitartean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos