Askizuko San Martin jaiak hilaren 10etik 18ra luzatuko dira

Txakolina. Beti izaten da aukera gure ardoa edateko. / AMAXKAR
Txakolina. Beti izaten da aukera gure ardoa edateko. / AMAXKAR

Bi asteburutan festa egitaraua izango dute auzoan

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Datorren larunbatean, hilak 11, San Martin eguna izango da eta Askizu auzoan bertako festak prestatu dituzte aurten ere, azaroaren 10ean, ostiralean, hasi eta larunbata, hilak 18, bitartean.

Egitaraua kaleratu dute eta hau topatuko dute bertaratzen direnak. Datorren ostiralean gaueko 21:00etan hasiko da festa bailarako ezkondu eta bikoteen afariarekin. Ondoren erromeria izango da Laja eta Narbaizarekin.

Larunbata, azaroak 11, San Martin eguna denez, goizeko 11:00etan Meza Nagusia izango da auzoko elizan. Amaitutakoan, txakolin dastaketa prestatuko dute. Jarraian Gorriti eta bere animaliak ikusteko aukera izango da. Bertan egongo dira baita Jone Uris eta Irati Aranguren trikitilariak eguerdia giro-tzen. Gauean erromeria, Harkaitz Allur eta Miren Errastirekin.

Igandean, azaroak 12, goizeko 11:00etan Meza Nagusia auzoko elizan. Ondoren herri kirol jaialdia iragartzen dute. Harrijasotzen egongo dira Ostolaza eta Kortaberri, aizkoran berriz, Bihurri aita-semea eta Ostolazaren alabak eta Kortaberriren semeak. Giroa alaitzeko Jone Uris eta Irati Aranguren trikitilariak gonbidatu dituzte iganderako.

Hurrengo asteburuan, mus txapelketa antolatu dute, ostirala gauean, azaroak 17, 21:30ean hasita. San Martin jaien azken eguna azaroak 18a izango da, larunbata. Arratsaldeko 15:30ean I. Askizu-Getaria Mendi Duatloia ospatuko da. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko azken proba izango da eta antolaketa Getaitri Triatloi Klubaren esku dago. Festa egitarauari amaiera emateko gaueko 21:00etan hasiko da gazteen afaria (bertan izena emateko deitu 943 140 043 telefono zenbakira edo bidali whatsappa 618 049 924 zenbakira, azaroak 14a baino lehenago). Afaria eta ondorengoa laguntzeko Askizun izango dira Izer eta Alabier trikitilariak.

Fotos

Vídeos