Antzerki astea hilaren 24tik 30era izango da

Antzerki eskaintza nabarmena izango da hilaren amaieran. /
Antzerki eskaintza nabarmena izango da hilaren amaieran.

Amancay Gaztañagaren 'Elurra' tragikomediak irekiko du aurtengo jarduera

K. ARRIZABALAGA ZESTOA.

Zestoako Antzerki Asteak badu jada data bat. Hau hilaren 24ean, igandea, hasiko da. Amancay Gaztañagak sortutako antzezlana den 'Elurra' tragikomediak irekiko du aurtengo jarduera. Bertan, Zestoako aktore beteranoenak arituko dira

Jarraian, ekainaren 27an eta 28an, hirugarren kurtsoko ikasle taldearen eskutik Moliere-ren 'Alegiazko gaixoa' komedia ikusteko aukera izango da. Ekainaren 29an, kanpoko bi konpainiaren lanak ikusteko aukera izango da: lehenengoa, Atx teatroa konpainiaren 'Tomiris' lana izango dugu. Ondoren, 'Agur eta Dolore' Bilboko Pabellon 6eko topaketetan Kriseilu saria eskuratu zuen pieza.

Antzerki astea txikienek itxiko dute aurten. Ekainaren 30ean 'Errege gaua' antzeztuko dute Mikel Ibargurenen zuzendaritzapean. Goiz horretan, Zestoako interpretazio eskolako ikasleek Ander Lipusekin ikastaro bat jasotzeko aukera izango dute.

Sarrerak Mairi dendan (estankoan) egongo dira salgai. Aurten ere bonu berezi bat izango da antzezlan guztiez gozatu nahi dutenentzat. Bonuak 15 euro balioko du baina banaka ere erosi ahal izango dira, urtero bezala. Sarrera bakoitza 6 euro izango da.

Azkenik, kultur areto berri baten beharra azpimarratu nahi izan dute Antzerki taldeak: «Geroz eta handiagoa bihurtzen ari den ekintza txiki hau, bihotzez eta maitasunez zuei agertzea beti da plazer izugarri bat. Mila esker zuen babesa eskaintzeagatik. Segi dezagun kultura sortzen, ereiten, bera baita arima elikatzen diguna, pentsamendu kritikoa ematen diguna eta gure begirada beste kolore batez argiztatzeko gai dena. Toki berdinean jarraitzen dugu, toki txikiegia Zestoak duen bulkada artistikoa aintzat hartzen badugu. Hau ere esan gabe ez gara geldituko.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos