Alejandro Tapia margolaria omenduko dute ostiral honetan

Aginagan 2008an egin zioten omenaldian 'Zuhaitza' bere eskulturarekin. /  ARANBERRI
Aginagan 2008an egin zioten omenaldian 'Zuhaitza' bere eskulturarekin. / ARANBERRI

Omenaldia egiteaz gain, azaroaren 12a bitartean ikusgai izango den bere margolanen erakusketa zabalduko dute ostiral arratsaldean Sutegin

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Usurbilgo Udalak eta Noaua!k Alejandro Tapia margogilea omenduko dute ostiral honetan, iluntzeko 19:00etan, Sutegi auditorioan. Aginagarra pasa den urteko abenduan hil zen eta Noaua! Kultur elkarteak urtero antolatzen duen Kulturaldiaren baita merezitako omenaldia jasoko du Alejandrok. Ekitaldi horretan, Usurbilgo alkate Xabier Arregiz gain, Oreka TX-k, Antton Olariagak, Amaia Zubiriak eta Andu Lertxundik parte hartuko dute, besteak beste., Ostiralean, omenaldia egiteaz gain, azaroaren 12a bitartean ikusgai izango den bere margolanen erakusketa zabalduko dute ostiral arratsaldean Sutegi eraikineko erakusketa gelan.

1930. urteko azaroan jaioa, Donostian arte erlijiosoan jarduten zuen tailer batean 17 urterekin, zaharberritze lanetan. Paisaiak margotzen eta Gipuzkoako Arte Elkartera joaten hasi zen garai berean. Akuarelekin hasi zen hamabost urte zituela, irudi erlijiosoen zaharberritze lanetan aritu zen garaian. 12 urte egin zituen horrela. «Lana oso polita zen, baina nik aspirazioak nituen, desiratzen nengoen hura utzi eta pinturara dedikatzeko». Olio-pinturak eta pastelak egiteari ekin zion ondoren.

1958. urtean Parisera joan zen arte mugimenduak ezagutzeko asmoz, eta ondoren, Madrilen, dekorazio lanetan ibili zen. Italia, Londres, Belgika edota Holandara ere bidaiatu zuen ikasketak osatzera. Estilo figuratiboaren eta abstrakzioaren eragina dute bere lanek.

Artista Berrien Lehiaketara maiz aurkeztu zen, eta askotan gelditu zen lehen postuetan. Margolanak, eskulturak eta grabatuak egiten zituen. 1961. urtean Donostiako Udako Sari Berezia irabazi zuen eta hurrengo urtean Donostiako Gabonetako Saria.

Hirurogeiko hamarkadan Ur taldea sortu zuen Carlos Bizkarrondo, Jose Grazenea eta Javier Arozenarekin batera. Lehen erakusketa 1965ean antolatu zuten, Donostiako San Telmo Museoan. Hamar urteren ostean, 1975ean hain zuzen, taldea desegin zuten, nahiz eta duela bost urte taldearen 25. urteurrena ospatzeko Ekain galerian erakusketa bat antolatu zuten, Donostian. Tapiak hainbat erakusketa egin zituen Euskadin, Madrilen, Pragan, Venezuelan, Frantzian edota Mexikon. Haatik, Aginaga ingurura bueltatzen zen margolanekin. Naturan aurkitzen zuen bidea. Esan zuen: «Nik uste naturak beti daukala zeozer hartzeko. Askotan gogoratzen naiz Cézanne-kin. Hari ere asko eman zion naturak. Nahi duzun guztia ematen dizu»

Bere koadroetan askotan ageri da, hain zuzen, Aginaga inguruko natura. Egunkari honi duela bi urte esan zionez, bere gaia «natura izan da beti: zuhaitzak, ura bera... Abstrakzioa egiten dudanean ere, beti sartu behar izaten dut natura piska bat». Hala ere, ugaritasuna ezagutu zuen bere lanak, bai tematikoki, bai materialei erreparatuta: «Ikusten duzu koadro abstraktu horrek nola dauzkan zuhaitz-enbor batzuk? Orain ez dut paisaiak egiteko gogo handirik. Komenigarri da eboluzioa, ez estankatzea». «Bolada batean etxe barruko gauzak hartu nituen gai moduan. Ibiltzen nintzen baserrietan eta hango bizimodua islatu nahi izaten nuen. Adibidez, eskailerak eta leihoak margotu izan nituen», azaltzen zuen.

Alejandro oso artista herrikoia izan dela esan dezakegu. Ezaguna dugu berak egindako murala, Sutegin eta Aginagako Eliza Zaharrean eskainitako erakusketak eta Aginagako festetako jai egitarauak, zein bertan ikusgai dagoen eskultura ere. Ekitaldi honetan aukera izango dugu berak eskainitako guztia gogoratu eta eskerrak emateko.

Erakusketa Sutegin

Sutegi eraikineko erakusketa gelan ikusgai izango dira Alejandrok bereziki maite zituen lanak eta inoiz erakutsi gabeko lanak, 1951-2014 urte arteko hainbat sortze-lan hain zuzen ere. Ostiralean arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, azaroaren 4, 5, 11 eta 12an 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara eta azaroaren 8, 9 eta 10ean 18:00etatik 20:00etara zabalik izango da udalak, Alejandro Tapiaren familia eta inguruak eta Noaua! Kultur Elkarteak antolatutako erakusketa.

Fotos

Vídeos