Aizarnazabalgo X. Artzain txakur txapelketa izango dugu larunbatean

Arraza libreko ardi txakur txapelketako partaideak.

DV AIZARNAZABAL.

Larunbat honetan, Euskal jai egunez burutuko da Arraza Libreko Aizarnazabalgo X. Ar-tzain txakur txapelketa. Urtez urte, Udala eta Artxate elkartearen eskutik, ekitaldia mantentzea lortu da eta hori azpimarratu nahian izendatu da aurtengoa edizio berezi bezala. Larunbat goizean 11:30etatik aurrera izango da txapelketa, urtero bezala eskola atzeko zelaian. Bertan lehiatuko dira urte hauetan zehar txapela lortu duten hainbat artzain eta ohiko partaide izan diren beste gonbidatu batzuk.

Honako hauek dira biko taldea osatzen duten partaideen izenak, txapelketa honetan garrantzi bera izaten baitute bai txakurrek eta bai artzaiek ere: Aizarnazabalgo Argi eta Manuel Gorriti, 2009 eta 2015. urteko txapeldunak; Aiako Sutan eta Pello Pagadizabal, 2010 eta 2013ko irabazleak (lehen Lantz txakurrarekin); Matxinbentako Argi eta Pello Segurola, 2011, 2012 eta 2016ko irabazleak; Azpeitiko Alai eta Jose Ramon Orbegozo, 2014ean irabazitakoak; Elgoibarko Txiki eta Jose Antonio Arrillaga; Galdakaoko Truke eta Bittor Bengoetxea.

Egin beharreko lanetan ere aldaketa batzuk sartu dira, ohiko zirkuitoan ongi moldatu izan diren artzain eta txakurrek bestelako ibilbideetan ere nola aritzen diren ikusi ahal izateko. Besteak beste, hesate kopurua edo banderen kokaera desberdina izango dela adierazi dute antolatzaileek.

Paella janerako izen ematea

Larunbateko paella jana eta Samiel eguneko herri afarirako txartelak erosteko epea gaur amaitzen da, Uztarri, Zahar etxe eta Troxkan salgai.

Fotos

Vídeos