Aitzagaren 22. Artisautza azoka izango da bihar goizean

Artisautza postu desberdinak izango dira bihar frontoian. /  ARANBERRI
Artisautza postu desberdinak izango dira bihar frontoian. / ARANBERRI

Urtero bezala, Euskal Herriko leku desberdinetatik etorritako artisauak izango dira protagonista nagusiak herriko pilotalekuan

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Santu Guztien Egunarekin batera dator aurten ere Aitzaga Kultur Elkarteak antolatutako Artisautza Azoka. Bihar azoka honen 22. edizioa izango da herriko pilotalekuan goiz osoan zehar. Ohiturari jarraituz, Santu Guztien Eguna aukeratu dute horretarako eta goizean hasi eta eguerdia bitartean eskuz landutako produktu sorta ederra ikusi eta erosteko aukera izango da. Herriko pilotalekuan jai giroa izango da nagusi, beraz.

Artisautza lan desberdinak ikusi eta erosteko aukera izango da artisautza azokan. Urtero bezala Euskal Herriko leku desberdinetatik etorritako artisauak izango dira protagonista nagusiak mota desberdinetako produktuak izango direlarik herriko pilotalekuan. Ukenduak, bastoigintza, xestogintza, larrua, egurrezko kateak, harriak, argizariak, zeramika eta pintura, beira, bitxigintza, nekazaritzako lan tresnak, pategintza, esnekiak... denetarik egongo da ikusgai eguerdia bitartean. Guztira 30 postu jarriko dituzte bertan. Gipuzkoako herri desberdinetatik etorritako artisauak izango dira gehienak, baina Euskal Herriko beste hainbat artisauren produktuen postuak ere egongo dira goizeko azokan. Horrez gain, baserri giroko azoka ere ikusgai izango da pilotalekuan eta txorizoa eta taloa jatekoa aukera ere izango da bertan.

Aitzaga elkartearen esanetan berriz ere ixteko mehatxupean egon arren, oraindik azoka bizirik dago. «Nahiz eta lehen ere sei urtez elkartea itxi ziguten, orain ere berdina egingo diguten mehatxupean egon, azokak aurrera darrai, eta erronkari eutsiz, urtero bezala hor izango dugu denon ikusgarri. Erasoak ez du etenik eta Hego Euskal Herriko beste ehun elkarte baino gehiagorekin batera, Aitzaga Madrildik ixteko erabakiaren zain dago». Egoera erosoa ez izan arren, azokarekin jarraitzea erabaki zuten eta aurten ere produktu ugari ikusteko aukera izango da bertan. «Beraz, egun horretan erasoari aurre egin eta goizeko 11:00etatik aurrera herriko plazan izango garenez, ikusi eta erosketak eginez gozatu ezazue».

Udalbatza plenoa

Gaur arratsaldeko 18:00etan urriko ohiko udalbatza plenoa izango da udaletxean. Bertan gai desberdinak izango dituzte mahai gainean. 2018rako zerga ordenantzen aldaketa, Plan ekonomiko finantzarioa (2017-2020), mailegu eragiketa kontratazioa, Arreta Zerbitzuak, S.L. enpresari Etxez Etxeko laguntza zerbitzu kontraturako jarritako behin betiko bermea itzultzea, Usurbilen hileta edo omenaldi zibilak egiteko ordenantza aldatzea, 2018 urterako Usurbilgo herri barruko taxien tarifa berriak onartzea eta autobusen zerbitzu publikoen murrizketaren inguruko mozioa jorratuko dituzte udal agintariek.

Fotos

Vídeos