Agustin Landarbideren azken erakustaldia bihar Laurgainen

Jokin Eizmendi eta bere osaba den Agustin Landarbide. / ETXEBERRIA

59 urterekin, harriak alde batera uzteko garaia iritsi zaiola esaten du

ANTXON ETXEBERRIA AIA.

Agustin Landarbide harrijasotzaile aiarraren azken erakustaldia izango da bihar eguerdian Laurgain auzoko San Migel festen barne egingo duena. «Bai, biharkoa izango da azkena; 59 urte ditut, eta erretiroa hartzeko garaia dudala irudi-tzen zait», dio.

Landarbide orain 28 urte hasi zen harriarekin, herri kirolean. «1989. urtean hasi nintzen, Aiako probalekuan Luxarberen aurka egindako apustu batekin. Apustuak, desafioak, erakustaldiak, asko egin ditut, baina adinak ez du barkatzen eta erretiratzeko garaia iritsi zaidala uste dut». Biharko erakustaldian gustoko duen tamainako harriarekin arituko da, 115 kilokoarekin. Bere ondoan Jokin Eizmendi, bere iloba, izango du, hau harri handiekin. «Ilusioa nuen nire bi iloben laguntzarekin erretiratzea, Jokin bera eta Josu Urbieta, baina Josu gaixorik dabil eta ezingo du biharkoan nirekin egon», esaten du Landarbidek.

Aiarrak errekonozitzen du harriarekin nahiko astakeri egin dituela, «baina gazteak ginen, indarra geneukan, eta beti maximoa ematen saiatu naiz. Bakoitzak bere neurrian altxa behar du harria, nire maximoa 225 kiloko errektangularrarekin izan da, bost minututan 3 aldiz altxatuz, 1998. urtean».

Lehenagoko desafiotako giroaren falta nabaritzen du, baina egun harrijasotzaile faltarik ez dagoela adierazten du. «Gure inguruan bi eskola ditugu, Orion Joseba Ostolazarena eta Zarautzen Izetarena. Bien artean 17 harrijasotzaile gazte inguru dabiltza, sekula baino gehiago. Onak ateratzea beti kostatu arren, bakoi-tza bere neurrian, harrijasotzailea da. Goenatxo eta Zelaik ere bere mutilak entrenatzen dituzte, nirekin ere Hernialdeko Iban Ugartemendiak entrenatzen du...».

Erakustaldiak alde batera utzi arren, entrenatzen jarraituko duela adierazten du, eta lanean ere beste urte batzuk geratzen zaizkiola dio. Egun Construcciones Altzolan dabil obretan lanean.

Festetako egitaraua

Laurgain auzoko San Migelak bihar ostirala, goizeko 10:30ean izango den elizkizunarekin zabalduko dira; ondoren, bertaratzen direnentzat hamaiketakoa, eta eguerdiko 12:30erako bueltan, herri kirol jaialdia, harrijasotzaileak eta aizkolariak, trikitilariek alaituko dutelarik eguerdia. Iluntzeko 21:00etan afari herrikoia izango dute eta erromeria Izer eta Alabier trikitilariekin goizalderarte. Laurgaingo San Migel festek larunbatean jarraituko dute, 17:00etan ume jolas eta txokolatarekin; segidan, 18:30ean, tortilla patata lehiaketa, eta jarraian afaria eta Elustondo anai-arreben erromeria.

Fotos

Vídeos