Abiatzear da Noaua! Kultur Elkartearen Kulturaldia

Jakoba Errekondo eta Antton Olariaga Potxoenean izango dira bihar./
Jakoba Errekondo eta Antton Olariaga Potxoenean izango dira bihar.

Azaroaren 12a bitartean kultur jarduera desberdinak izango dira aukeran, erakusketa, hitzaldiak, zinea, dantza, musika emanaldia...

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Gaur hasiko da Noaua! Kultur Elkarteak antolatutako Kulturaldia. Azaroaren 12a bitartean kultur jarduera desberdinak izango dira aukeran, erakusketa, hitzaldiak, zinea, dantza, musika emanaldia...

Alejandro Tapia margolariari egingo zaion omenaldiarekin hasiko da gaur kultur ekimen hau. Arratsaldeko 18:00etan pasa den urteko abenduan zendu zen Aginagako margolariaren lanak jasotzen dituen erakusketa zabalduko da Sutegi eraikineko erakusketa gelan. Erakusketa hau ikusgai izango da azaroaren 10a bitartean. 19:00etan, berriz, merezitako omenaldia egingo zaio Alejandro Tapiari Sutegiko auditorioan. Ekitaldi horretan, Usurbilgo alkate Xabier Arregiz gain, Oreka TX-k, Antton Olariagak, Amaia Zubiriak eta Andu Lertxundik parte hartuko dute, besteak beste.

Bihar goizeko 11:00etan, berriz, Jakoba Errekondo eta Antton Olariagak egindako 'Landareak Lantzen' liburuaren aurkezpena izango da Potxoenean. Landareak zaintzeko garai bakoitzean zer lan egin behar den eta nola azaltzen digu gida liburu honetan Jakoba Errekondok. Agendak aholku batzuk ematen ditu baina garrantzitsuena hutsuneak dira, bakoitzak bete beharrekoak, egiten dituen lanekin, dituen asmoekin, planoak, marrazkiak, aholkuak... denborarekin agenda hau bihurtuko da baratzezain baten liburu partikularra, ez da beste horrelakorik izango inguruan. Hori eginez ikasten dela dio Jakobak.

Irudimena sustatzeko, ez dute argazkirik jarri nahi izan. Antton Olariagaren marrazkien bidez nahi izan dute sustatu bakoitzak berea egitea.Euskal Herriko mapa klimatikoa ere gehitu dute, eta hor proposatzen dugu sei zonaldeko mapa geoklimatiko bat, ez baita berdin landare bat landatzea herri batean edo bestean. Ilargiari buruzko argitasunak ere gehitu dituzte , eta informazio gehiago ere bai, horien artean nabarmentzekoa, lehen aldiz bildu direla Euskal Herri osoan nekazaritza ekologikoan ari diren ekoizleen zerrenda.

Iganderako, berriz, beste 2 ekimen iragarrita daude Kulturaldiaren barruan. Eguerdiko 12:00etan hasita kantu-bertso jira izango da Mikel Laboa plazatik abiatuta. Bertsolari Txapelketa Nagusi betean gauden honetan, lehiatik haratago, lagun arteko bertso giro goxoaz gozatzeko aukera izango da Bota Punttuba, Kantu Taldea eta Noaua!-k elkarlanean antolaturiko ekimenean, Jon Maia eta Alaia Martinen eskutik. Igandea izanik, eguerdi parteko poteo ordua girotuko dute bertsoz, usurbildar kantu zaleekin Kaxkoan barrena egingo duten kalejiran.

Arratsaldeko 19:30ean hasiko da igandeko bigarren ekimena. Azken asteetan zeresan ugari ematen ari den 'Handia' filma eskainiko dute Sutegi eraikineko auditorioan. Filmak Migel Joakin Eleizegi altzotarraren historia kontatuko du. 1818an, 20 urte zituela, etenik gabe hazten hasi zen gaitz baten eraginez, eta 2,42 metro luze izatera heldu zen. Garai hartan, Europako gizonik garaiena zen, eta herrialdez herrialde ibili zen biran, erakustaldi modukoak egiten. Dena den, Migel Joakin bizitzan ez ezik, Martin anaiarekin zuen harremanean ere sakondu nahi izan dute. Sarrerak aldez aurretik salgai daude 6 eurotan Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan. Noaua!ko bazkideek 4 eurotan erosi ahal izango dute Noaua!ko egoitzan aldez aurretik.

Fotos

Vídeos