Abian da 'Enpresa Euskaraz Handitzen programa' eskualdean

Programa berria. Eskualdeko enpresa txikietan euskararen erabilera bultzatzeko. /  AMAXKAR
Programa berria. Eskualdeko enpresa txikietan euskararen erabilera bultzatzeko. / AMAXKAR

Urola Kosta Udal Elkarteak bultzatu du eskualdeko enpresa txikietan euskararen erabilera sustatzeko

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Urola Kostako Udal Elkarteak Enpresa Euskaraz Handitzen proiektua abian jarri du, Getaria, Aia, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresa txikiei euskaraz lan egiteko laguntza emateko helburuarekin.

Hamar langiletik behera dituzten enpresak hartu dituzte oinarri eta zerbitzua eta lana euskaraz eskaintzeko beharrezkoak dituzten tresna eta erremintak eskainiko zaizkie bi urteko iraupena izango duen programa honetan, azaroan hasita eta, guztira, 70.541,79 euroko aurrekontua erabiliko du Udal Elkarteak programa garatzeko.

Lehen deialdia

Lehen deialdi honetan, deialdi berezia egiten zaie hiru arlo hauetako enpresei, estetika zentroak eta ile-apaindegiak alde batetik, osasun arloko zerbitzu enpresa bestetik eta ostatu zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak azkenik.

Programa honetan parte har dezakete Getaria, Aia, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresa txikiek (10 langile artekoek), sektorea eta jarduera edozein izanik ere. Lehenago azaldu den bezala, hasiera honetan hiru arlotako enpresak hartu dira kontutan baina horrek ez du esan nahi aurrerago bestelako enpresei ere eskaintza berbera egingo ez zaionik eta oraintxe bertan ere enpresa bat programa honetan lanean hasteko gogoz badago Udal Elkartearekin harremanetan jar- tzea besterik ez du.

Premien arabera

Saio praktikoak eta laguntza enpresaren premien arabera egingo da. Lehendabizi bi saio praktikotan hartu beharko dute parte. Ahize-Aek aholkularitza-etxeak eskainiko ditu saioak eta ondoren laguntza eta aholkularitza indibiduala eskainiko zaie enpresei, erabaki dituzten urratsak ematen laguntzeko. Saio hauetan euskara eta hizkuntzak nola kudeatu, euskarak duen balio erantsia herritar eta bezeroen aurrean azaldu eta enpresetan zer egin dezaketen aztertuko dute, zehatz-mehatz. Saio horiek hilaren 28 eta 29an eta abenduaren 12 eta 13an izango dira.

Bi saio hauen ondoren, aholkularitza eta laguntza indibidualaren txanda etorriko da. Proiektuaren zati honetan, enpresa bakoitzean zein neurri hartu eta landu zehaztu eta adostuko dute eta erabakitako lanak egingo dira, adibidez: itzulpenak, testu-ereduak egokitu, errotulazioa euskaratu edota softwarea euskaraz jarri.

Parte hartu nahi duten enpresek izena eman behar dute, Udal Elkartearen webgunean dagoen formularioa betez edo helbide honetara mezu bat bidaliz, handitzen@urolakosta.eus. Gogoratu orain gonbidatzen diren enpresak estetika zentroak eta ile-apaindegiak, osasun arloko zerbitzu enpresak eta ostatu zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak izango direla.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos