Gipuzkoa

Costa Urola

Dir-Dir, txotxongilo ikuskizun honi izena ematen dion pertsonaia berria, Argitxo ezagunaren kriseiluaren barrutik jaiotako argi txinparta da. Aspalditik ezagutzen dute haurrek Argitxo pertsonaia. Izan ere, euskararen erabilera bultzatzeko irudi bezala erabiltzen du Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak ikastoletan. Bi pertsonaiek hizkuntzen suaren garra gori-gori mantendu nahiko dute. Horretarako, haurren laguntza eta konplizitatea beharko dute. Kukubiltxo taldearen esanetan, istorio honetan, Argitxo eta Dir-Dirren gidaritzapean, hizkuntzen unibertsoaren sorrera ikusiko dugu, unibertso horretatik euskaldun mundua argitzen duen argia aukeratuko dugu eta urte eta mendeetan bizirik irauteko mantendu duen bere barne sua ezagutuko dugu. Teknika aldetik ere berrikuntza ugari egin dituzte azken lan horretan. Txotxongiloen munduko teknika berriak ekarri dituzte. Erabili ohi dituzten foku eta argiztapenaz gain, ikuskizunerako bereziki egokitutako eta asmatutako beste argiztapen sistema batzuk ere erabili dituzte. Beraz, berrikuntza ugariekin aurkeztuko zaigu Kukubiltxo datorren ostiralean Orion Kultur Etxeko aretoan. / Herri Ikastolak antolatuta, txotxongilo ikuskizuna euskara bultzatu nahian