Diario Vasco

Sahara bidean dira Wadna elkarteak bildutako janari eta produktuak

Wadna taldeko kide batzuk Tinduf aldera janari eta produktuz beteta bidali den kamioiaren aurrean.
Wadna taldeko kide batzuk Tinduf aldera janari eta produktuz beteta bidali den kamioiaren aurrean. / K. A.
  • 4.500 kilo bideratu ditu talde honek aurten; pasa den larunbatean abiatu ziren Tindufera

Pasa den larunbatean abiatu zen Tindufeko kanpamenduetarantz Zestoako herrian eta bertako zein inguruko zenbait ikastetxeetan jaso den janari andana, Piztu Itxaropena izeneko 13. Euskal Karabanan proiektuan barne.

Zestoako Wadna elkarteak Sahararen aldeko janari bilketari ekin zion urtero bezala, eta aurten 4. 500 kilo elikagai bildu dituzte. Wadnako kideek eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten pertsona eta elkarte guztiei: Aizarnako, Arroabeko, Zestoako eta Azkoitiko Xabier Munibe ikastetxeei, Azkoitiko Eroskiri (bertan janari bilketa egin zuten urtarrilaren 21ean), Zumaiako Darahli elkarteari eta Zestoako herritarrei.

Beste hainbat proiektu

Janari bilketaz gain, Wadna elkartekoak beste hainbat proiektu garatzen aritu dira aspaldiko urteetan Saharako kanpamenduetan. Dela negutegiak jartzea, edo eskolak, edo eguzki plakak eramatea kanpamenduetara, edo ur bonbak, edo bara-tza komunitario eta bakarkakoak landatzen lagundu eta erakutsi... eta abar.

Azken aldian, Oiartzungo elkarte batekin batera, kanpamenduetan ur depositu osasungarriagoak izan ditzaten beste ekimen bat jarri dute martxan. Hori dela eta, Zestoako udalak 4.000 euro bideratu zituen pasa den abenduan ekimen honetarako.

Oporrak Bakean kanpaina

Saharako haurrak bi hilabetez «munduko deserturik gogorrenetik» irteteko helburuarekin, Oporrak Bakean kanpaina martxan dago aurten ere. Kanpaina horren helburua 10-12 urteko haur sahararrek uda Euskal Herrian pasatzea da eta harrera familia bila dabiltza.

Adin txikiko hauek, urtean gutxienez bi hilabetez, munduko desertutik gogorrenetik irteteko beharra dute. Modu orekatuan elikatzeko beharra dute, elikagai eskasiak eragindako gaixotasunak sendatzeko. Mediku errebisioetara joateko beharra dute, eta beharrezkoa balitz tratamenduekin hasi.

Neska eta mutil hauek oporrak bakean izateko beharra dute, udan kanpamenduetan itzalean egiten dituen 55ºtik urrun. Wadna taldetik proiektu honetan parte hartuko duten herritarren bila dabiltza.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate