Diario Vasco

Bertsotruk saioa Galtzarrin

Bertsotruk. Iaz, Markina-Xemeinen aurka aritu ziren oriotarrak.
Bertsotruk. Iaz, Markina-Xemeinen aurka aritu ziren oriotarrak.
  • Arratsaldeko 20:00etan hasiko da Orioko eta Aramaioko bertso eskolen arteko lehia

Orioko eta Aramaioko bertso eskoletako bertsolariak, Bertsotruk egitasmoaren barruan, saioa eskainiko dute gaur, ostirala, Galtzarrin, arratsaldeko 20:00etatik aurrera.

Orotara, sei bertsolari arituko dira bertsotan; Orioko Errikotxia bertso eskolatik Egoitz Eizagirre, Rosi Lazkano eta Imanol Lizarazu 'Habana' eta Aramaioko bertso eskolatik Manex Agirre, Andere Arriolabengoa eta Xabi Igoa. Xabier Sukia izango da gai jartzailea eta saioaren gidaria.

Emanaldia doakoa izango da eta Errikotxia elkartetik bertso zaleei gaur Galtzarrira bertaratzeko deia luzatzen zaie, iluntze bizi eta alaia igaro dezaten

Bertso eskolen arteko desafioak biltzen ditu Bertsotruk egitasmoak. Helduen bertso eskolen arteko harremanak sustatu eta bertsolariei jendaurrean bertsotan aritzeko aukera emanaz antolatu zuen Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeak Bertsotruk egitasmoa, 2015ean lehen aldiz. Ikasturte hartan 26 bertso eskolek eman zuten izena. Bertsolari hasiberrientzat trebatzeko aukera aproposa bilakatzen da.

Bertso eskola parte hartzaileak hiruko multzotan bereizi eta bertso eskola bakoitzak bere multzoko beste biak hartzen ditu etxean; era berean, beste bi bertso eskolek antolatutako ekitaldira joango da. Emanaldia edozein motatakoa izan daiteke: bertso-saio formala, bertso-bazkaria, bertso-antzerkia...

Aurtengo edizioan 27 bertso eskolek parte hartzen dute 9 multzotan banatuta. Azarotik maiatzera bitarte bertso eskolak elkarren artean saioak antolatuko dituzte joan-etorri formatuan. Gaur hasten den Bertsotruken, Orioko Errikotxia, Aramaioko eta Goierriko bertso eskolen multzo berean dago.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate