Diario Vasco

«Jaiotzak ez du errurik»

Gabonetako jaiotzaren harira, EAJren udal gobernuak plazaratu dituen argudioei erantzunez, Zestoako EHbilduk ondoko argipenak azaltzea erabaki du:

«Itziar Elorza, EAJko zinegotziari Gabonetako jaiotza prestatzen pasatako orduengatik Udalak ordaindutako faktura Gizarte Zerbitzuetara bideratua egonik, ziur egiazta dezakegu aipatu zerbitzuei dagokien batzordean faktura hori ordaintzea ez dela erabaki. Hau ez du soilik EH Bilduk egiaztatzen, duela gutxi arte batzorde horretako buru izan den EAJko ordezkari Montse Atxegak ere gauza bera egiaztatu digu eta berak ere gure antzera kontu honetaz deus ez zekiela jakin badakigu. Alkateari bere haserrea adierazi diola dakigun bezala. Beraz, dagokion batzordean ordainketa egitea onartu zela esatea ez da egia», dio koalizioak.

«Bestalde, Ogasun Batzordean ez dira fakturak ikusten, Udalak ordaindutako gastu guztien idatzizko zerrenda luzea pasatzen da aipatu batzordetik, hau da, soilik gastu bakoitzaren kopurua agertzen da eta ez fakturaren nolakotasunik. Zerbait arraroa sumatu ezkero (alkatearen bazkari pertsonalak, opariak, hoteletako egonaldiak, batzokiari ordaindutakoak...) fakturak eskatzen ditugu, baina hauek gerora eskuratzen dira, kasu honetan bezala. Beraz, EH Bilduko ordezkariak fakturak ontzat eman zituela esatea ez da egia».

EH Bilduren idatziak jarraitzen du esanez, «dirudienez, egia da Itziar Elorzak jaiotzarekin lotura aspaldidanik duela baina aurreko legealdian -Eh Bildu gobernuan zela-, lehenengo hiru urteetako jaiotzari zegozkion fakturetan soilik gastu materialak agertzen dira ordainduta. Legealdiko azken urtean, hala moduz eskuz ida-tzitako agiri batean bere lan orduak agertzen direla ikusi dugu baina ez da inongo zinegotziren sinadurarik agertzen, hauek ez ziren jakitun izan; eta bide batez, gogorarazi dezagun aurreko legealdian ogasuna EAJren esku egon zela. Aurten ordea, udal kontu-emaileak, ordainketa egin aurretik alkatea ohartarazi arren, honek aholkuari muzin egin eta faktura ordaintzea agindu du. Alkate batek, jakinaren gainean bere zinego-tzi bati bidezkoa ez den dirutza ordaintzea benetan onartezina da».

Koalizioak nabarmendu nahi du «EAJk horrela adierazi nahi badu ere, EH Bildu ez dago jaiotza egitearen aurka eta adierazgarria da elizako arduradunek ere kontu honen inguruan gertatzen ari zenaren berri orain jakin izana. Zorionez, Zestoan ere jende asko ari da borondatez herria eta herriaren ondarearen alde lanean, eta udalak herrigintzaren mesedetan borondatezko lana sustatu beharko luke. EAJ-k berdin jarraituko duela irakur-tzeak erabat arduratzen gaitu. Gardentasuna bultza ordez gaizki eta ilun egindakoa errepikatzen jarraitu behar badu, nekez eska geniezaieke inolako gardentasunik gure herrikideei».

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate