Diario Vasco

MartxanGo taldea eta 'Irri par tsou', gaur Aginagan

MartxanGo. Gorputza martxan jartzeko aukera izango da ludotekan.
MartxanGo. Gorputza martxan jartzeko aukera izango da ludotekan.

Antxomolantxa elkarteak eta Aginagako Eskola Txikiko Guraso elkarteak antolatuta ekimen bikoitza izango da gaur Aginagako ludotekan.

Gaur, 18:00etan hasita, MartxanGo taldea izango da bertan. Talde honek jendea mugitzera bultzatu nahi du, festaren parte sentitu arazi dantzaren bidez. Jendea martxan jarri 'martxa' jarriz. Gorputza mugiaraztera animatzen duen dantzari bat daukate taldean, Agurtzane Alkorta eta estilo ezberdinetako abestiak jotzen dituzten bitartean Agurtzanek ze pausu eman behar diren esaten die parte hartzaileei tablatu gainetik edo plazara jaitsita.

Aerobik estiloko pausuetatik hasi eta euskal dantzetaraino joan daitezke. Talde ezagunen abestiak, betiko euskal kantak erritmo ezberdinekin nahasiz. Fandango, arin-arin, mexikana... dena jendea dantzan animatze aldera.

Ondoren, 22.00etan 'Irri par tsou' ekimena izango da Aginagako ludotekan. «2 lagun eskenatoki gainean. Baina lagun, 'pertsona' edo 'tipo' adierarekin. Eta zer gerta daiteke biak lan bera egiteko kontratatu dituztela konturatzen direnean? Ba sesiotan amaitu dezaketela baina 'sesio' ez 'emanaldi' zentsuan baizik eta 'haserre' esanahiarekin. Irripartsu egon beharrean, irri par tsou paregabe bihurtu daiteke saio, sesio... 'Pare gabea' zentsu literalean, 'par' edo 'bikote' formatuan hasi dena, bakarrizketa moduan amaituko baita, hala ez». Bien artean ez dute gai bat jorratu gabe utziko; ikastoletako garaiak eta gertakizunak, txikitatik nerabetasunera gertatutakoak, unibertsitate garaikoak, maitasuna eta sexua, familia, euskaldunon izaera, musika, ohiturak... Hitz jokoak, egunerokotasunak eta euskal kulturarekin lotuta dauden gaiak abiapuntu moduan harturik, umorezko ikuskizun paregabea da 'Irri par tsou'.

Ez dira hauek abendurako Aginagan iragarri dituzten ekimen bakarrak. Abenduaren 10ean, larunbatean, 'Pirata garrapata' antzezlana izango da Aginagako ludotekan eta abenduaren 23an, berriz, 'Xinpronia eta Olentzerorentzako eskutitzak' antzezlana ikusteko aukera izango da.

Hilaren 24an, berriz, urteroko ohiturari jarraituz, gabon kantak abestera kalejiran irtengo dira goizeko 9:00etan eta abenduaren 26tik 30a bitartean eta urtarrilaren 2tik 5a bitartean Gabonetako txokoak izango dira Aginagako ludotekan 9:00etatik 13:00etara. Izen ematea, abenduaren 11 baino lehen egin beharko da, aginaga@eskolatxikiak.org helbidera idatzita. Prezioa, apuntatutako haur kopuruaren arabera zehaztuko da.

Azkenik, abenduaren 28an 'Ezer ez da dirudiena' antzezlana eskainiko du Patata Tropikala Antzerki Laborategiak.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate