Diario Vasco

Jubilatuek ekitaldi ugari antolatu dituzte

  • Besteak beste, karta jokoak, tortilla eta gaztain erre janak, osasun bidea eta jubilatuen bazkaria izango dira

Urtero legez, aurten ere herriko Gurutze Jubilatu elkartekoek Jubilatuen Astea antolatu dute, aste honetan zehar ospatuko dena. Horrela, atzo hasi eta ostirala bitartean karta jokoak eta bingoa izango badira jubilatuen tabernan, astebururako oso bestelako ekitaldiak antolatu dituzte.

Horrela, astelehenean, bingo saioa, sari bereziekin izan bazen, gaur, seiko urreko eta eskoba txapelketak izango dira eta ostegunean, mus eta puntto txapelketak. Saio hauek arratsaldeko 17:00etan hasiko dira eta izena emateko epea saioa hasi baino ordu erdi lehenago itxiko da.

Asteburuan

Asteburuko ekitaldiei dagokionez, ostiral arratsaldean, 18:00etan hasita, tortilla pintxoak eta gaztaina erreak dastatu ahal izango dituzte jubilatuen elkartera inguratzen direnek.

Larunbatean, goizeko 10:00etan, Bide Osasuntsua deituriko ibilaldiari hasiera emango zaio kiroldegiko aterpean, eta itzulia egin ostean pintxo dastaketa izango da toki berean.

Eta Jubilatuen Asteari behar bezalako amaiera emateko, igandean ohiko elkarte bazkaria izango dute Bainuetxean. Lehenik, eguerdiko 12:00etan, hilberriak direnen aldeko meza ospatuko dute elkarteko kideek.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate