Diario Vasco

Xixili Deunaren omenez kantuan

Dantzan eta kantuan. Elkano Musika Eskolako ikasle txikienak emanaldi dotorea eskaini zuten Berdura plazan musika tresna ezberdinen laguntzarekin.
Dantzan eta kantuan. Elkano Musika Eskolako ikasle txikienak emanaldi dotorea eskaini zuten Berdura plazan musika tresna ezberdinen laguntzarekin. / ARGAZKIAK AMAXKAR
  • Musika Eskolako helduen abesbatzak Azpeitiko XXXIV. Euskal Antzerki Topaketan parte hartuko du

Elkano Musika Eskolak urteroko ohitura jarraituz kalera atera ditu aste honetan bere ikasleak Xixili Deunaren omenez antolatutako Musikalean ekintzarekin. Tamalez eguraldiak ez zuen batere lagundu eta hasiera emateko iragarrita zegoen kalejira herriko kaleetan zehar bertan behera utzi behar izan zen.

Hala ere musika doinuak entzuteko aukera izan zen Berdura plazan antolatutako ekitaldian. Dan-tza eta kanta eskaini zuten gaztetxoak eta amaiera emateko denak udaletxe atarira hurbildu eta beraientzat espresuki prestatutako txokolate beroa edateko aukera izan zuten. Esan bezala, eguraldiak kalean musika egiten ibiltzeko aukera desegin bazuen, txokolate beroa hartzeko berriz giro aproposa ekarri zuen.

Elkano abesbatza Azpeitian

Elkano Musika Eskolak bestelako albiste interesgarriak ere ekartzen dizkigu. Horrela, gaur 21:30ean, Azpeitiko Soreasu Antzokian Elkano Musika Eskolako helduen abesba-tzak Azpeitiko XXXIV. Euskal An-tzerki Topaketan parte hartuko du, Topaketako amaierako ikuskizunean. Kontzertu Antzeztua eskainiko du Elkano Abesbatzak 'Ahan-tzitako Oroitzapenak' izenburupean. Iñaki Bergara 'Pio' eta Kontxu Odriozolari azken agurra eskaini nahi izan zaie emanaldi honetan. Antzezpenean jakingo dugu Maritxu alzheimerrak jota dagoela. Ez ditu gogoratzen bere ingurukoen izenak. Apenas gogoratzen du bera nor den ere. Baina gogoan du zein izan zen. Txakolindegikoaren alaba. Seme-alabak hartuta herrira jaitsi eta Intxauspe dendan lanean aritu zena. Gaur egun, bere alaba, honen bikotea eta Maddi bilobarekin bizi den emakume gogortua. Biak izango dira protagonistak, amona eta biloba, Maritxu eta Maddi, Itziar Aizpurua eta Maialen Urbieta aktoresen baitan, Uxue Alberdik moldatutako testua oinarri. Eta bien eskutik, familiako hiru generazioen nondik norakoetan murgilduko gara. Bere bidea egiteko uko egin behar izan ziotena gogoratu eta hartutako erabakiek biziarazi zizkieten poztasunak izango dituzte hizpide. Baina kontaketan ez dira bakarrik izango, emakume hauek beraien biografia musikala izango dute lagun kontatutakoak kantatu daitezkeelako. Horretan bidelagun izango dute Elkano Abesbatza. Bizitakoari musika ipiniaz ibilbidea dotoretzen. Zuzeneko kantuari zuzeneko musikariak gehitu behar zaizkie eta hor egongo dira Maite Bereziartua, Unai Martinez, Unai Frantsesena, Jon Urbieta eta Izaro Lestayo.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate