Diario Vasco

Egitarau zabalarekin dator biharko 18. Erle Eguna

Denetik. Eztiak, ukenduak, xaboiak... produktu ugari izango dira.
Denetik. Eztiak, ukenduak, xaboiak... produktu ugari izango dira.
  • Erlearekin zerikusia duten produktu ugari ikusi eta erosi ahal izango da bertan egongo diren postuetan

Erle Lagunak elkarteak antolatuta, erleari eta eztiari eskainitako festa izango da bihar Usurbilen: Erle Eguna. Hemezortzigarren edizioa izango da aurtengoa eta ohiko moduan egitarau zabalarekin etorriko da.

Hala, ezti eta gozogintza txapelketekin batera, salmenta postuak eta bildomena nola egin ere erakutsiko dute goizean zehar frontoi inguruan. Baita haurrek egindako marrazki lehiaketa ere. Ohikoa den bezala erle-produktuak egongo dira, batez ere, salgai postuetan, hala nola, eztiak, ukenduak eta gozogintza produktuak.

Goizeko 11:00etan hasiko da azoka, salmenta postuen irekierarekin. Ordu berean zabalduko da baita ere erakusketa. Bertan izango dira ikusgai erleak, eztiak, ontziratzeko prozesua... Marrazki lehiaketa ere jarriko da abian eta Sutegin bideoak proiektatuko dira.

Ezti lehiaketan parte hartu nahi duten guztiek, dena dela, goizeko 9:00etatik 10:00etara aurkeztu beharko dituzte frontoian euren ezti potoak. Gauza bera egin beharko dute eztia osagaitzat duten postreak gozogintza lehiaketara aurkeztu nahi dituztenek ere. Edozein herritarrek parte hartu dezake lehiaketa honetan eta etxean prestatutako postreak ezinbestean eztia izan beharko du.

Goizean zehar, bildomena nola egiten den ikusteko aukera izango da eta ezti ura ere banatuko dute. Horrekin batera buruhandiak eta erraldoiak ere inguruan ibiliko dira.

Arratsaldeko 13:30ean hasiko da lehiaketa ezberdinetako sari banaketa, «erleen beraiek ekarritakoa», iragartzen dute antolatzaileek. Sorpresak ere izango omen dira orduan.

Ezti Lehiaketan irabazleak suertatzen diren eztiekin, errifak salgai izango dira eta zozketa eguerdian egingo da.

Iazko lehiaketan Barakaldoko Igor Merinok eskuratu zuen txapela ezti ilunetan, Leire Arizaga hernaniarraren eztia izan zen onena epaimahaiaren iritziz ezti argien sailean eta Zizurkilgo Joxe Martin Beobiderentzat izan zen mila-lore ezti lehiaketako txapela.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate