Diario Vasco

'Herriak lotu, bidegorria amaitu', Arroabeko auzotarren aldarria

Bidegorriak bailarako herriak lotzen ditu.
Bidegorriak bailarako herriak lotzen ditu. / ARRIZABALAGA

Arroa Beheko auzotarrak, aspaldi hasi ziren «Urola Bailara osoa elkartuko lukeen, eta ondorioz, gure herri txikia inguruko beste herriekin lotuko lukeen Bidegorriaren aldeko borroka».

Azken urteetan aurrerapauso asko egin dira bide honetan (Zumaiatik Narrondorainoko zatia edota Lasaotik Zestoarainoko bide berdea egokitu dira, adibidez), eta egun, Legazpi eta Zumaia Bidegorriz elkartzeko falta den zati bakarra Iraeta eta Narrondo artekoa da. Arroabeko Ezkaizto Auzo Elkartearen iritziz, «Hasitako bideari jarraiki, Gipuzkoako Aldundiaren lehentasunetako bat bide hau amaitzea izango zela pentsatzen bagenuen ere, prozesua nahiko geldirik dagoela ikusi dugu. Ondorioz, hainbat herritar elkartu eta lanean hasi gara gure ahotsa eta eskaera dagokion lekura iritsi daitezen».

Herri txiki batean bizitzeak alde on asko baditu ere, badaude bizimodua zailtzen duten aspektuak, eta seguraski, kotxearekiko erabateko menpekotasuna edukitzea izango da alde txar horietan nagusiena. Arroarrak lotura estua dute gertuen kokatzen den Zumaiarekin, «eta gutako askok, egunean behin baino gehiagotan egiten dugu joan-etorria kotxez (kilometro bat baino gutxiago falta da Arroa Zumaiarekin Bidegorriz lotzeko). Berdina gertatzen zaigu Zestoarekin ere, udaletxea, osasun zerbitzuak... han dauzkagu, eta bertaratzeko kotxea hartu behar izaten dugu, honek dakartzan arrisku eta mota ezberdinetako kostuekin. Gainera, kalteak are nabarmenagoak dira, kotxea hartzerik ez duten eta besteekiko dependentzia areagotzen zaienhaur, gazte edota helduen kasuan. Bidegorria egiteak, bide hau oinez edo bizikletaz seguru egiteko aukera eskainiko lioke edozeini. Ez gara gutxi batzuen kapritxoaz ari beraz, herritar guztion ongizatea eta bizi kalitatea nabarmen hobetuko duen proiektuaz baizik» diote, bidegorria behingoz amaitzeko eskatuz.

Dena den, argi dute, aldarrikapen hau ez dela Arroarren kontua soilik, bailara osoarena baizik. Legazpi, Zumarraga, Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Zumaia lotuko dituen Bidegorria estrategikoa da bailararentzat, eta egun, Legazpi eta Zumaia artean dauden 45 kilometrotatik 5 kilometro baino ez baitira falta bide hau amaitzeko.

Gipuzkoako Bidegorri sarearen eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun sailari dagokio, eta beraz, berari dagokio bide honetan aurrerapausoak ematea eta hasitako proiektua amaitzea. «Dena den, gure bailarako udalei, eta gure ordezkari den -eta egiteko falta den zatia barne biltzen duen- Zestoako udalari bereziki, proiektu hau behingoz bukatu dadin indar egitea eskatzen diegu. Herritarrok berriz, gure esku dagoen guztia egiten eta gure aldarria behar den lekura iristeko indar egiten jarraituko dugu, geldirik egonda jai dagoela erakutsi baitigute. Horretarako, bide instituzionala jorratzen jarraitzeaz gain, herri ekimenak egitea beharrezko ikusten dugu» diote Ezkaizto Auzo elkartetik.

Hau honela, Arroako, Zestoako, Zumaiako zein bailarako beste herrietako biztanleei, larunbatean, azaroak 26, Narrondo eta Zestoa artean egingo den Martxana parte hartzeko gonbitea luzatzen dute. Hasiera 11etan izango da Narrondotik eta eguerdiko 12:30ean kontzentrazio zaratatsu batekin amaituko da Zestoako plazan.

Udal batzarra

Gaur, 20:00etan, udalbatzarra burutuko da Zestoako udaletxean, non besteak beste EAJ-ko zinegotzi berriak bere kargua hartuko du, aurrekontuetan aldaketak egingo dira, batzordeetan ere bai, 'Ondo egiten jarraitu nahi dugu' egungo zabor jasotze sistemaren aldeko taldearen mozioa eztabaidatuko da, eta Ezkaiztio Auzo Elkarteak aurkeztuduen mozio bat ere bai.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate