Borrar
Hitzaldia. Mendi jardueretako autobabesa hizpide ostiralean.
Gaur hasiko da Andatzak antolatutako Mendi Astea

Gaur hasiko da Andatzak antolatutako Mendi Astea

Urte osoan ibilaldi ugari burutu ostean, urte amaiera gerturatzearekin batera, hiru egunetan hiru ekimen desberdin izango dira

JOSU ARANBERRI

Miércoles, 23 de noviembre 2016, 00:11

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Gaurtik larunbatera bitartean burutuko da Andatza Mendizaleen Kirol taldeak urtero antolatu ohi duen Mendi Astea. Urte osoan ibilaldi ugari burutu ostean, urte amaiera gerturatzearekin batera, hiru egunetan hiru ekimen desberdin izango dira, Sutegiko auditorioan izango dira bi eta mendi irteera egingo da hirugarrenean.

Gaur, 'Andatzakoak Ordesako Monte Perdidon' emanaldia izango da Sutegin iluntzeko 19:30ean hasita. Irailaren 9tik 11ra, 40 mendizaleek Ordesara egindako irteeraren ikusentzunezkoa ikusteko aukera izango da bertan. «Lehenengo egunean, Senda de los Cazadores, Mirador de Carcilarruego, Faja de Pelai eta Soasoko zirkotik Gorizeko aterpera (2.200 m) iritsi ginen. Hurrengo egunean, Gorizeko aterpetik abiatuta, laku izoztutik pasa ondoren Monte Perdidoko gailurra (3.355 m) egin genuen 40 mendizaleok. Azkeneko txangoan Carriatatik Faja Racunera eta Cotatuero zirkora abiatu zen talde bat eta Salaronseko klabijetako igoera ezagutzeko bidea hartu zuen beste taldeak». Sarrera doakoa izango da.

Ostiralean, berriz, hilaren 25ean, 'Autobabesa mendi jardueretan' hitzaldia eskainiko du Segurtasun eta Larrialdi Kudeaketan graduatua eta DYAko Erreskate arduraduna den Mikel Noguesek. «2015. urtean, 391 mendi-istripu gertatu ziren Euskadiko mendietan. Mendi-istripuak ekiditeko, baita istripu hauek gertatzen direnean hauen kalteak murrizteko ere, ezinbestekoa da jardueraren plangintza egoki bat egitea eta larrialdi baten aurrean nola jokatu behar den jakitea. Hitzaldi honetan, hortaz, mendi jarduera bat era seguruan egiteko beharrezkoa den plangintzaren eta larrialdi egoera baten aurrean izan behar dugun jokabidearen inguruan hitz egingo da».

Azkenik, larunbatean, hilaren 26an, goizeko 8:00etan frontoi atzetik aterata mendi irteera egingo da Usurbilgo inguruetan. Ondoren bazkaria egingo dute Patri jatetxean. Bazkarira joateko izena aldez aurretik eman beharko da, Mendi Asteko ekitaldiak hasi baino lehen, Sutegin jarriko den mahaian. Sutegin burutuko diren bi ekitaldiak hasi aurretik, mendiko federatu txartela berritu edo lehen aldiz ateratzeko aukera izango da. Andatzako kideak txartel hori tramitatzeko eta behar diren argibide guztiak emateko Sutegin burutuko diren ekitaldiak hasi aurretik jarriko duten mahaian izango dira.

Mendiko federatu txartelaren bitartez mendian ibiltzeko aseguru berezia egiten da eta Mendizale Federazioak eskaintzen dituen zenbait zerbitzu erabiltzeko aukera dago: Ikastaroak, Mendi aterpeetan tarifa edo prezio merkeagoak. Mendi Astearen barruan antolatu duten ibilaldirako izena emateko aukera ere izango da.

Horrez gain, abendurako beste irteera baten berri ere eman dute. Oraingo honetan Artikutzako trenbide zaharreko bidea ezagutzeko aukera izango da Andatza Mendizaleen Kirol taldearekin batera. Abenduaren 11n Karrika-Kausoron goiz pasa burutuko dute.

Oiardo kiroldegi aurretik irtengo dira autobusez goizeko 8.00etan, ondoren Oiartzungo Karrikatik Kausorora 9 kilometro inguruko ibilbidea burutzeko Artikutzako trenbide zaharra ezagutuaz.

Abenduaren 5a izango da izena emateko azken eguna eta izena ematerakoan 8 euro ordaindu beharko dira Andatza Mendizaleen Kirol taldeko bi kontuetako batean: Rural Kutxa 3008 0259 1630 0543 0321 edo Kutxabank 2095 5069 0710 68489805.

Plaza mugatuak izango dira eta Andatza Mendizaleen Kirol taldeak antolatzen dituen irteeretan parte hartzeko derrigorrezkoa dela, mendiko federatua izatea eta aseguru txartela indarrean edukitzea.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios