Diario Vasco

Alkate Txiki Eguna ospatuko da Getarian datorren larunbatean

Alkateak agintea eman ondoren pleno aretoan udalbatza egiten dute haurrek.
Alkateak agintea eman ondoren pleno aretoan udalbatza egiten dute haurrek. / AMAXKAR
  • Herriko Guraso Elkarteak antolatzen du eta arratsalde eder bat igarotzeko aukera izango dute haurrek

Datorren larunbatean, azaroak 26, Herriko Guraso Elkarteak antolatuta Alkate Txiki Eguna ospatuko dute getariar gaztetxoek. Arratsalde eder bat igarotzeko egitarau zabala prestatu dute ekintza ezberdinekin.

Lehendabizi, arratsaldeko 16:30etatik 18:00etara Berdura Plazan tailer ezberdinak antolatuko dira, pilota tailerra, karetak egiteko txokoa, pintaketa (murala margotu ahal izango da), koilareak eta pultserak egiteko txokoa edo aurpegia margotzeko gunea ere izango dira bertan.

Ondoren arratsaldeko 18:15 inguruan, Nika Lertxundi alkateak agintea haurren esku utziko du. Horretarako haur talde bat dotore jantzita azalduko da udaletxeko balkoian eta bertan emango dio aginte makila alkateak haurren ordezkariari. Jarraian denak udaletxeko pleno aretora sartuko dira. Hautatutako haurrak zinegotzien tokiak beteko dituzte eta herriko beste haurrak aretoko eserlekuetan jarriko dira, agintea hartu berri dutenek egingo dituzten proposamenak entzuteko. Askorentzat lehenengo aldia izango da pleno aretora sartu eta udalbatza bat ikusten dutena.

Azken urteetan jendez gainezka egoten da udaletxea eta aurten ere beste horrenbeste espero da noski. Iluntzeko 19:00etatik aurrera, Udala utzi eta kalera pasako da giroa zeren 19:00etan iragartzen dute buruhandien irteera, kalez kale festa giroa jarriaz. Iluntzeko 20:30ak inguruan berriro Berdura Plazara joateko unea helduko da zeren bartan afaria izango dute herriko haurrak. 22:30 artean norberak eramandako janariak afaldu eta gauari amaiera egokia emateko karaokea antolatuko da, gaztetxoak nahi duten abestia aukeratu eta denen aurrean kantuan aritzeko. Iban Azkue lehendakari duen Herriko Guraso Elkarteko 10 kideek beste ekimen bat prestatu dute beraz datorren larunbaterako. Azkena joan den hilabetean, urrian, antolatu zuten, orduan Pintura Eguna izan zen.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate