Diario Vasco
Olatz Retegi. Kale Nagusian, Alondegiaren aurrean.
Olatz Retegi. Kale Nagusian, Alondegiaren aurrean. / AMAXKAR

Oroimenaren bulegoak herritar ugariren bisita jaso du bi astetan

  • Alondegian kokatuta dago eta oraindik beste bi astetan egongo da bertan Olatz Retegi Aranzadiko ikerlaria

Getariako Udalak gure udalerrian Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan (1936-1945) giza eskubideen alorrean gertatutakoaren inguruan ikerketa prozesu bat bultzatu nahi duenez hitzarmen bat sinatu zuen Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta lehen urratsa testigantzak jasotzea izango da. Horretarako oroimenaren bulegoa zabaldu dute Alondegian eta bertan egoten da Olatz Retegi, Aranzadiko ikerlaria.

Joan den astean ireki zituen ateak eta bi egunetan bertaratu daiteke, ostegun eta ostiraletan, 10:00etatik 14:00ak arte eta 16:00etatik 19:30ak bitartean.

Ostiral honetan egin genion bisita eta bulegora azaldu ginenerako herritar emakume bat berarekin bilduta zegoen. Amaitzean, Olatzekin solasean aritzeko aukera izan genuen. Berak azaldu zigun bere eginkizunak zeintzuk diren bulego honetan. «Oroimen bulegoan nire eginkizuna gehien bat Getariako herritarrek daukaten jakin mina asetzea da. Adibidez aiton edo amonaren inguruan zerbait jakin edo beste senideren baten inguruan, non bataiatu zuten edo noiz hil zen ezagu-tzeko bide bat da hona etortzea, informazio eske etor daiteke edo ematera ere. Aurrerantzean Aranzaditik errepresio frankistaren inguruan egingo den ikerketa osatzeko baliagarria izan dadila bulego hau. Horrela getariar guztiak duten informazioa bateratu egingo da eta bestalde ematen diguten izenaren arabera pertsona horren inguruko informazioa osatuko dugu. Izen zerrenda hasten doa, getariar gehienak marina auxiliarrean egon ziren, hauen informazioa jasotzen ari gara. Bestalde, emakumeei dagokionez, izenak ateratzen ari dira, errepresaliatuak izan ziren, ilea moztu eta kalez kale umilduak, eta hori guztia bildu nahi dugu. Dagoeneko lau egun badaramatzagu eta beste horrenbeste geratzen zaizkio oroimenaren bulego honi».

Kasu batzuetan aiton-amonak ezer kontatu ez arren familiakoek zerbait badakite eta gertatu zitzaiena jakite gogoz ere etortzen dira. «Pertsona bat etorri zen esanaz aitona desagertu zela baina izena besterik ez daukate. Orain guk egingo dugu ikerketa lana eta deshobiraketetan bildutakoarekin adibidez alderatu beharko da».

Batzuk kezka izaten dute etxean betidanik gordeta izan duten dokumentu edo argazkia bertara eramaterakoan, «baina beldurrik gabe etor daitezela. Guk hemen ikusi, kopiatu eta berriro itzuli egingo diegu etxera berriz eraman dezaten. Liburu batzuk ere ekarri dizkigute eta hemen uzteko eskatu diet, interesgarriak direlako baina gerora itzultzeko asmoarekin noski».

Olatzek daraman bulego honez gain, bertara joaterik ez dutenek ondorengo telefono zenbakietara dei dezakete, 943466142 edo 699809130. Azken aukera harremanetan jartzeko oretegi@aranzadi.eus emailera idaztea da. Oso garrantzi-tsua da herritarren testigantzak jasotzea gertatutako dena bere osotasunean ezagutzeko.

Ekimen honen inguruan, beste ekintza batzuk burutuko dira baita ere. Horrela azaroaren 3an arratsaldeko 19:00etan hitzaldi eta proiekzio bat izan zen Alondegian 'Euskal Herriko Gerra Zibila' izenburupean Iñaki Egañaren eskutik. Abenduak 9tik 18ra berriz, erakusketa bat ikusgai izango da udaletxeko sarrera nagusian, 'Gorpuzkinak ateratzen, duintasunak berreskuratzen' izenarekin.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate