Diario Vasco

'Txerriaren festa' izango da hilaren 20an Zubietan

Txerria. Hil ondorengo prozesua ezagutzeko aukera izango da.
Txerria. Hil ondorengo prozesua ezagutzeko aukera izango da.
  • Zubieta Pilota Elkarteak antolatu du bigarrenez eta ekintza desberdinak izango dira bertan

Zubieta Pilota Elkarteak antolatuta 'Txerriaren festa' izango da hilaren 20an egun osoz Zubietan. Elkarteari laguntza bat emanaz, iaz bezala, aurten ere txerria hil ondorengo prozesua gertutik jarraitzeko aukera izango da goizean zehar. Gaur da San Martin eguna, txerria hiltzeko egun aproposa duela gutxi arte baserritarrentzat. Hala ere, ia bi aste beranduago bada ere ohitura hori gogora ekarriko dute Zubietan antolatutako 'Txerriaren festa' honetan. Animalia honetatik eratortzen diren jakiak prestatuko dituzte, nahi duenak bertaratu eta pintxoetan dasta ditzan. Jan edan gehiago izango da, eguerdian frontoian ospatuko den herri bazkarian. Txartelak aurrez izango dira salgai ohiko tokietan. Honez gain, hainbat artisau postu ere jarriko dituzte.

Goizean zehar postu desberdinak jarriko dituzte. Hala nola, gazta egilea, pilota egilea, larruz eginiko lanak, sagardo egitea... denetarik topatuko duzue bertan. Goizeko 10:00etan, berriz, txerri-hilketa ondorengo lanen erakusketa hasiko da eta 10:15ean txistorra, odolki eta saltxitxen ekoizpena izango da. Ondoren pintxoak salduko dira.

Eguerdiko 12:00etan gaztetxoen arteko joko garbi partidak izango dira ikusgai frontoian eta egunari amaiera emateko bazkaria egingo dute frontoian. Menua hauxe: Eusko Label Tolosako babarrunak eta Ibarlur Ibarrako piparrak, Lumagorri oilaskoak, gazta, kafea eta kopa. Bazkalostean, berriz, erromeria izango da.

Zubieta Pilota Elkarteak azaroaren 20ko txerriaren festara gerturatzera animatu nahi dituzte herritarrak nahiz inguruko herrietakoak, ekitaldietan parte hartu, eta bide batez, elkarteari laguntza emateko. Izan ere, kirol talde hau laguntzeko ekitaldia ere izango da biharkoa. Kirol materiala eskuratzea ondo etorriko litzaiekeela diote elkartetik.

Errebote finala Villabonan

Gaur egun dozena bat pilotari dituzte Zubieta Pilota Elkartean junior-senior mailetan eta beste dozena bat gaztetxoetan. Igande honetan, gainera, Enrike Abril errebote txapelketako finala jokatuko dute, eguraldiak laguntzen badu behintzat, Donibane Lohitzuneko Luzean taldearen aurka. Aurten Billabonako errebote plazan izango dute hitzordua zubietarren goizeko 11:00etan hasita.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate