Diario Vasco

Terrorismoarengatik hildakoak gogoratuz, ekitaldia gaur plazan

Udaleko talde guztiek adostu dute adierazpen publikoa.
Udaleko talde guztiek adostu dute adierazpen publikoa. / ETXEBERRIA

Gaur, Euskadiko Autonomia Erkidegoan Memoriaren Eguna ospatzen da, terrorismoagatik hildako pertsonak gogoratu nahi dituen eguna. Memoriaren Eguna dela-eta, ekitaldia antolatu du Orioko Udalak herriko plazan, arratsaldeko 19:00etan hasita. Ekitaldi horren bidez, Udalak gogora ekarriko ditu indarkeriaren eta terrorismoaren biktima guztiak. Ekitaldi irekia izango da eta Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu parte hartzera. Bertan Udalak adierazpen bat irakurriko du, Udaleko talde politiko guztien artean adostu dutena eta, ondoren, bost minutuko isilaldia izango da. Bizikidetza batzordearen barruan Udaleko talde politiko guztiek hainbat bilera egin dituzte, gaiaz hitz egiteko eta, lan horren fruitu, adierazpen publiko bat adostu dute, ekitaldian irakurriko dutena.

Adierazpenaren testua

Adierazpenak honela dio, euskaraz:

«Gaur hemen, azaroak 10, Memoriaren Egunean, Orioko plazan elkartu gara udal ordezkariak eta herritarrak, indarkeriaren eta terrorismoaren biktimak gogoratzeko. Izandako biktima guztiak aintzat hartzen ditugu, gatazka honetan jazarpena bizi izan duten herritarrak direlako eta ez zuelako inoiz gertatu behar. Biktima guztiek merezi dute egia, justizia eta aitortza. Berek bizi izandako injustizia salatu nahi dugu eta, aldi berean, errepika ez dadin, gogoratu.Kontziente gara herritarren bizikidetzan urtetan izandako biolentziak eta terrorismoak eragindako kaltea oso handia dela eta samin ugari eragin dituela. Herritarren artean urruntasuna, bazterkeria, ezinikusia, beldurra, isiltasuna eta bestelako sufrimenduak eragin ditu. Jakin badakigu zauri sakon asko dagoela oraindik orbaindu gabe eta, ziurrenik, denbora eta lanketa handia beharko duela guztiak ondu arte.

Orioko Udalak bere alea jarri nahi du bide horretan, jakinda ez dela erraza izango. Zentzu horretan, Udalak urteak daramatza indarkeriak eragindako ondorioen inguruan lan egiten. Pasa den legealdian jarri zen martxan gaur egun lanean jarraitzen duen lantaldea. Hastapenetan bagaude ere, gure konpromiso irmoa adierazi nahi dugu hasi berri den prozesu honetan batera aritzeko. Asko dago oraindik lantzeko.

Baina bakarrik ezin dugu. Zentzu horretan, herriaren prestutasuna ezinbestekoa da prozesu hau aurrera eraman ahal izateko. Dagoeneko hainbat herrikidek lehenengo urratsak eman dituzte eta berak ere hizketarako eta elkar entzuteko esparruak jorratzen ari dira. Eta gaurkoan ere hainbat herritar hurbildu zarete zuen presentziarekin babesa ematera.

Aurrerantzean pausuak ematen jarraitu beharko dugu, bakoitzak bere esparrutik, eta guk, udal ordezkariok, lanean jarraitzeko asmoa agerian uzten dugu». Hauxe izango da irakurriko den testua.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate